Gizartea -
Urtarrilaren 30ean
Gehryk, Etxenikek eta Iberdrolak, jasoko dute Sabino Arana Saria
Sabino Arana Fundazioak sarien XXII. gala ospatuko du Bilboko Arriaga antzokian, datorren urtarrilaren 30ean, 12:00etan.
Erredazkzioa
Frank Gehry arkitektoak, Pedro Miguel Etxenike zientzialariak, Iberdrola energia-konpainiak, Gureak Taldeak, Virginia Berasategi triatletak eta Helena Taberna zinema-zuzendariak jasoko dute 2010eko Sabino Arana Saria. Sariak emateko ekitaldia Bilboko Arriaga antzokian ospatuko da, datorren urtarrilaren 30ean, 12:00etan.
Sabino Arana Fundazioaren sariek XXII. aldia dute aurtengo hau; urtero ematen dira, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrenaren zuzura. Sari horien bidez, Fundazioak bere esker ona eta goresmena agertzen dizkie, gizartearen aldeko eskaintzagatik eta hura zerbitzatzeko joranagatik nabarmendutako pertsona, erakunde nahiz gizaldeei.
Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak eta Irune Zuluaga aipatu erakundeko zuzendariak jakinarazi dituzte sarituak.Haiek adierazi bezala, XXII. aldi honetan Sabino Arana Fundazioak “Frank Gehry, Guggenheim Museoaren, Euskadiren ikur, oro har, eta, bereziki, Bilboren erakusgarri bihurtu den eraikinaren egilea” goretsi nahi du. “1997az geroztik, Bilboko pinakoteka inauguratu zen urtetik, kanadar arkitekto ospetsu horrek nazioartean gure herrialdearen irudi berri bat hedatzen lagundu du. Orobat, aldi berean haren lanak, Guggenheim Museoak, kultur elkartrukea sustatzen eta gure artea munduan ezagutarazten ere lagundu du.
Gaur egun, eta Amerikan, Europan eta Asian eraikinak eregiten lau hamarkadatik gora eman ondoren, Frank Gerhy mundu osoko arkitektorik ezagunenetako bat da bere orijinaltasun apartarengatik.
Era berean, Sabino Arana Fundazioak “inoiz Euskal Herriak emandako zientzialaririk ospetsuenetako bat den Pedro Miguel Etxenikeren ikerkuntza- eta dibulgazio-lan kementsu eta itzela sarituko du.
Sarien aurkezleek azpimarratu duten bezala, “Etxenike irakaslea, beren bizitza gizartea zerbitzatzeari eskaini dioten pertsona horietako bat da; jakintzaren eta zientzia-ezagutzaren bitartez berak beti bilatu izan ditu gizarte horren ongizatea eta aurrerapena; are gehiago, hori guztia artearekin, filosofiarekin eta gizarte-ikaskuntzarekin bateratzen era saiatu da”.
Baita saritu nahi dira ere, “euskal hezkuntza-sistema abian ipintzen eta Euskararen erabilpena arauzkotzeko Legea ateratzen hark izandako partaidetzak ”, adierazi dute.Datorren urtarrilaren 30ean Saria jasoko duten erakundeetako bat Iberdrola energia-konpainia da; zeren, “100 urtetik gorako ibilbidea duelarik, Iberdrola Euskadiren, bere sorterriaren, garapen ekonomikoarekiko eta ongizatearekiko konpromisoaren eredu bikain bat baita. Sari horren bidez, Sabino Arana Fundazioak, konpainiak Bilboren eta Euskal Herriaren alde egindako apustu ezbairik gabea eta, mundu osoan zehar harrotasunez transmititzen duen sustrai horiekiko konpromisoa saritzen ditu”.
Fundazioko arduradunek nabarmendu dute, bestalde, “Bilbon Iberdrola Dorrea, etorkizuneko erreferentziazko negozio-gunea eta Bilboren beraren hiri-ezaugarri berria izango dena, eraikitzeak indartu egiten duela argindar-konpainiaren euskal jatorriarekiko jaidura ”.Sabino Arana Fundazioak agertu nahi izan duen beste goresmen bat “Gureak Enpresa Taldearen gizarte-lan bikainarenarentzat da, zehazki, laneratzearen bitartez Taldeak ahalmen urriko pertsonak erabat gizartera daitezen egindako lanarentzat”. Sabino Arana Fundazioak adoretu egiten ditu, “azken hogeita hamabost urteetan erakutsi dituzten dinamismo, ekimen eta eraginkortasun berekin lan egitera hemendik aurrera ere”.
Fundazioarentzat “Gureak Taldeak merkatuan sartzen eta lehiatzen jakin izan duten enpresak sortzea eta haiekin sare bat bilbatzea lortu du, horretarako, balioa emanez pertsonari eta haren gaitasunak sustatuz, beraren autonomia, beregaintasuna eta gizarteratzea errazteaz batera”.
Sabino Arana Fundazioak bere esker ona erakutsi nahi izan dion beste pertsona bat Virginia Berasategi da: “Distantzia luzean munduko triatletarik onenetako bat. Esan behar baita, kirol konbinatuaren profesional horrek lorpen garrantzitsuak erdietsi dituela bere kirol ibilbidean, eta halaber, munduko zirkuituan oso gora utzi izan duela beti Euskadiren izena”.
Orobat, azpimarratu nahi dituzte “Berasategiren sakrifizio-gaitasuna eta hobetzeko jorana; hain zuzen ere, bera hobekien definitzen duten ezaugarrietako bi horiexek ahalbidetu diote bere diziplinaren gailurrera iristea, espezialista aparta bilakatu delarik”.
Eta azkenik, Helena Taberna zinema-zuzendaria ere sarituko da. “Lau luzemetraia ditu bere arte-ondarean, zenbait laburmetraiaz gain, eta zuzendari honen ibilbidearen ezaugarri garrantzitsu bi ere erantsi ditzakegu: bata, bere egitasmoak aukeratzerakoan duen koherentzia, eta bestea, zinematografiarako duen oso estilo pertsonal hori.
Eta zera ere erantsi dute: “Tabernak beti uzten ditu argi, zinea ulertzeko duen modua eta interesatzen zaizkion gaiak, zeintzuk, gainera, XXI. mende honetan gehien kezkarazten dutenak baitira, hots: emakumea eta haren gizarte-eginkizuna, migrazioak, terrorismoa eta memoria historikoa”.
Sabino Arana Fundazioak, sari honekin, “emakume horrek, ekiten dien gaiak tratatzean, duen modu sentibera eta oraindik gizonek menderatzen duten lanbide batean tarte bat egiteko erakusten duen adorea” goraipatu nahi ditu.