Gizartea -

Errefuxiatuen drama

'Aquarius' ontziak baztertu egin du Valentzian porturatzea

Eguraldiak okerrera egin duelako eta Valentziara heltzeko lauzpabost egun beharko lituzkeelako eta horrek etorkinen bizitza arriskuan jarriko lukeelako hartu dute erabaki hori.

629 etorkin daramatza 'Aquarius' ontziak. Argazkia: EFE
629 etorkin daramatza 'Aquarius' ontziak. Argazkia: EFE
629 etorkin daramatza 'Aquarius' ontziak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Aquarius' ontziak baztertu egin du Valentzian porturatzea, hara heltzeko lauzpabost egun beharko lituzkeelako eta horrek etorkinen segurtasuna arriskuan jartzea ekarriko lukeelako.

Espainiako Gobernuak eskaini dio Valentzian porturatzeko aukera, baina SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeak eta Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak aukera hori baztertuta geratu dela jakinarazi dute, bidaia luzea izango litzatekeelako eta eguraldiak okerrera egin duelako.

Gauzak horrela, Italiako agintariei premiazko irtenbidea eman dezala exijitu diote. "Italiako itsas agintarien ardura da ontzian doazen 629 pertsonei irtenbide azkar bat ematea", azpimarratu du SOS Mediterranee erakundeak.

Halaber, Espainiako Gobernuaren eskaintza eskertu dute, azkenean aukera hori baliatuko ez badute ere.

"Ontzian 629 lagun izanda eta eguraldiak okerrera eginda, egoera kritikoa bilakatuko litzateke; helburu lagun guzti horien segurtasuna bermatzea da", azaldu du.

'Aquarius' ontziko medikua: "Egun baterako janaria baino ez dugu"

Bestalde, 'Aquarius' ontzian dauden etorkinen gehiengoak osasun arazoak ditu: nekea, deshidratazioa, giharretako mina, zorabioak eta burukomina. Gainera, orduek aurrera egin ahala horietako askok okerrera egingo dutela ohartarazi du David Beversluis Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko sendagileak.

Gauzak horrela, ahalik eta azkarren porturatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. 'Aquarius'eko medikuak azaldu duenez, 20 bat lagunek erredurak dituzte, ur gaziak eta erregaiak eraginda. "Egonkor daude, baina laster zauriak etengabe artatzea beharko dute eta gure taldearentzat lan gehiegi izango da hori".

Beste paziente batzuk egoera kritikoan daude, hipotermiak eta nekeak jota, eta biriketako gaitzak izateko arriskuan egon daitezke. Beste batzuek infekzioak dituzte eta oso litekeena da ebakuntza behar izatea.

Horrez gain, sei emakumezko haurdun daude, eta oraingoz ondo egon arren, haien egoerak edozein unetan okerrera egin dezakeela esan du medikuak.

Beverluisek ohartarazi du egun baterako janaria baino ez daukatela eta, ondorioz, premiazkoa dela lehenbailehen porturatzea. Alabaina, "ez dakigu nora joango garen", deitoratu du.

Une honetan, ontzia Malta eta Sizilia artean dago. 12 ordu baino gehiago daramatzate zain eta, ondorioz, bertan dauden etorkinen artean urduritasuna eta kezka nagusitzen hasi dela adierazi du Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Gizartea Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Alacant gaur Mediterraneo itsasoko kostaldea