Gizartea -

Gastronomia sariak

Gune gastronomikoa izango da Bilbon munduko jatetxe onenen sarien banaketa dela eta

Guggenheim Museoko zabaldegiak doako sukaldaritza-tailerrak, elikagaiak dastatzeko tokiak eta hitzaldiak hartuko ditu ostegunetik igandera arte. Sariak emateko gala ekainaren 19an egingo dute.

Guggenheim Bilbao. Argazkia: Iñaki Zabaleta.
Guggenheim Bilbao. Argazkia: Iñaki Zabaleta.
Guggenheim Bilbao. Argazkia: Iñaki Zabaleta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbok gastronomia gune bat izango du munduko 50 jatetxe onenak iragartzeko sari banaketaren aurreko egunetan. Bertan, doako sukaldaritza-tailerrak, dastatzeko tokiak eta hitzaldiak izango dira.

Ekitaldi nagusia, hau da, The World's 50 Best Restaurants (Eneko Atxa eta Bittor Arginzoniz bizkaitarrenak tartean) sariak emateko gala, ekainaren 19an izango da, Euskalduna Jauregian. Hori bai, aurreko asteburuan hasiko dira mila gonbidatuak heltzen; besteak beste, 200 sukaldari eta 250 kazetari inguru.

Sari banaketaren aurreko egunetan, ostegunetik igandera arte, hain zuzen, Bilboko Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak zaleentzako gunea jarriko dute, Guggenheim Museoko zabalgunean, giroa berotzen joateko.

Gune gastronomiko hori doakoa izan arren, izena eman beharko dute bertan parte hartu nahi dutenek edukiera murriztua baitu. Aingeru Etxebarriak sukaldaritza-tailerra emango du, eta guztira zazpi mintegi izango dira lau egun horietan.

Halaber, ardo, sagardo eta elikagaien dastatzeak izango dira; besteak beste, gazta, eztia, olioa edo ogia dastatu ahalko dute parte-hartzaileek Mikel Garaizabal gidari dutela. Bestalde, euskal garagardoak dastatzeko aukera ere izango da, eta koktelen inguruko gunea prestatu dute.

Horrez gain, Leioa, Galdakao eta Bilboko ostalaritza eskolek babestuta, zuzenean janaria prestatzeko erakustaldiak egingo dituzte. Txikienentzako gunea ere izango da, Gerardo magoaren eskutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gastronomia Bilbo Eusko Jaurlaritza Gizartea Albisteak