Gizartea -
Hautaproba
Gizarte Zientzien ataleko Matematika azterketa baliogabetzea eskatu dute
2016an gertatu bezala, Change.org plataforman sinadura bilketa hasi dute, eta 8.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte 24 ordutan.
EITB.EUS
Asteazkenetik hautaproba egiten ari diren milaka euskal ikaslek Gizarte Zientzien ataleko Matematika azterketa baliogabetzea eskatu dute, oso zaila delakoan. Horretarako, Change.org plataforman sinadura bilketa hasi dute, eta 24 ordutan 8.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte.
“2018ko hautaproban, Euskadin, Gizarte Zientzien ataleko Matematika azterketa baliogabetzeko edo kentzeko eskatzen dugu; izan ere, azken urteetan ez da halako mailarik eskatu Matematikako hautaproban. Kexa orokorra da ikasleen artean; batzuek nota igotzeko aukeratzen dute, baina ikusitakoaren arabera, aurten ez dute horretarako aukerarik izango. Azterketa honekin neurriak hartzea eskatzen dugu”, dio plataforman argitaratutako testuak.
Duela bi urte, 2016an, Gizarte Zientzien ataleko Matematika proba baliogabetzea eskatu zuten milaka ikaslek eta irakaslek, oso zaila zela argudiatuta. Orduan 12.000 sinadura baino gehiago bildu zituzten.
Azterketa “batxilergoko irakasgaiaren edukiari lotuta” zegoela adierazi zuen Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU).