Gizartea -
Mugikortasun plana
Bilbon gehienezko abiadura 30 km/h-koa izango da
Udalak ez du bidesaririk ezarriko hiriko sarreretan, baina Bilbon sartzen diren ibilgailuak kontrolatuko ditu, aireraren kalitateak okerrera egin ez dezan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko kale gehienetan (% 87) gehienezko abiadura 30 km/h-koa izango da ekainaren 30etik aurrera, eta 50 km/h-koa gainerako kaleetan, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.
Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak agerraldia egin du gaur Mugikortasun Jasangarrirako Plan berriaren xehetasunak aurkezteko, eta neurri horrek Europan parekorik ez duela azpimarratu du.
Plana burutzeko hiru urte behar izan dituztela eta dokumentuaren lanketan "milaka lagunek" hartu dutela parte esan du, tartean herritarrak, merkatariak eta elkarte ezberdinetako ordezkariak.
Gilen esanetan, plana egiterakoan oinezkoa izan dute kontutan eta helburua da herritarrak oinez, bizikletan edo garraio publikoan mugitzea Bilbon barrena. "Ez dugu nahi jendea ibilgailu pribatuan etortzea Bilbora", nabarmendu du.
Bestalde, Udalak ez du bidesaririk ezarriko Bilbon sartzeko. Duela urtebete inguru Bilbora autoz sartzeko bidesaria ordaintzeko aukera aztertzen ari zirela zabaldu zuen Udalak eta balizko neurri horrek hautsak harrotu zituen. Udalak aukera hori oraingoz baztertu egin du, baina hiriko sarbideetan "kontrol-sistemaren bat" ezartzea aztertuko du, airearen kalitateak okerrera egiten baldin badu.
"Bidesariaren aukera ez dugu erabat baztertu, baina egun beharrezkoa ez dela uste dugu, Bilboko airearen kalitatea ona edo oso ona delako", erantsi du Gilek.
Mugikortasun Jasangarrirako Plan berriak 45 neurri zehatz eta bi neurri orokor biltzen ditu eta herritarren osasuna zaintzea da bere helburuetako bat. Hori dela eta, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketa zorrotz kontrolatuko dute.
2012an, Bilbon, 191.000 tona CO2 isurtzen ziren atmosferara. 2030ean isurketa horiek % 41ean murriztea da asmoa.