Gizartea -
Lan-istripua
Langile bat koman, Bilboko Ingeniaritza Eskolako eskailera batetik behera erorita
Ezbeharra astelehenean gertatu zen. Emakumea eskaileratan erori egin zen eta buruan kolpea hartu zuen. Eskailera horrek segurtasun neurriak betetzen ez dituela salatu du LABek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, joan den astelehenean lan-istripu larria gertatu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolako bigarren eraikinean. Langile bat eskailera batetik behera erori zen eta buruan kolpea hartu zuen. Gurutzetako Ospitalean dago, koman.
LABen esanetan, ez da lehenengo aldia eskailera horretan istripua izaten dela: 2015ean, behargin bat erori zen eta besoan eta eskumuturrean min hartu zuen; beste langile bat ere erori zen toki berean eta buruan kolpea hartu eta zauri arinak izan zituen.
2015eko ezbeharraren ondotik, EHUko Prebentzio Zerbitzuak gertakariak ikertu zituen eta eskailera horrek segurtasun araudia betetzen ez zuela ondorioztatu zuen. Hala ere, LABek salatu duenez, Unibertsitateak ez du inolako prebentzio neurririk hartu.
Sindikatuak ardurak argitzea eskatu eta elkarretaratzea deitu du hilaren 25erako Bilboko Ingeniaritza Eskolan.