Gizartea -
Leuzemia linfatiko kronikoa
Leuzemia mota ohikoenaren genomak nola funtzionatzen duen argitu dute adituek
Aurkikuntza Clinic-IDIBAPS ospitaleko ikertzaileek egin dute. Genomaren funtzioen bereizmen handiko mapa bat lortu dute zientzialariek.
Agentziak | Erredakzioa
Leuzemia linfatiko kronikoaren genomak nola funtzionatzen duen argitu dute Clinic-IDIBAPS ospitaleko ikertzaileek; leuzemia motarik ohikoena da. Minbizi horren aurkako tratamendu berriak garatzeko ateak zabaltzen ditu aurkikuntzak.
Nature Medicine aldizkariak azterketaren berri eman du gaur. Iñaki Martin-Subero Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak eta IDIBAPS Epigenomika Biomedikoaren lantaldeko buruak zuzendu du ikerketa. Genomaren funtzioen bereizmen handiko mapa bat lortu dute zientzialariek. Minbiziaren ikerketa molekularrean aurrerapauso berri bat da.
Martin-Suberoren hitzetan, leuzemiaren maparen eta zelula osasuntsuen maparen arteko alderaketan, leuzemian zehar euren funtzioa aldatzen duten ehunka eskualde antzeman dituzte. Horrek gaixotasuna hobeto ulertzen lagunduko du, eta ondorioz, baita terapia berriak garatzen ere.
Orain arte, leuzemiaren eta beste minbizi mota batzuen azterketa molekularrek informazio geruza bakarreko molekulak aztertu dituzte. Beraz ikuspegi partziala zuten medikuek, eta genomaren funtzioen mapa zehatz bat marraztea ezinezkoa zen.
Funtzio espezifikoak dituzten eskualdeak zehatz identifikatu ahal izan dituzte ikertzaileek, genomaren zonalde ilunak esaterako, 'Zabor DNA' deritzonak, baina genoma funtzionatzeko funtsezko eskualde anitz dituztenak.
“Geografia mapa baten antzera, non herriak, mendiak edo ibaiak irudikatzen dira, leuzemiaren genomaren funtzioen mapa oso bat marraztu ahal izan dugu aurrenekoz, gene aktiboak, gene ez aktiboak, generik ez duten eskualdeak baina adierazteko moduak kontrolatzen dituztenak edo basamortu ez aktibo handiak”, Martin-Suberok azaldu duenez.
“Guztira, genomaren mapak 12 funtzio ezberdin dituela identifikatu dugu”, zehaztu du.