Gizartea -
Ekimena
Hainbat kolektibok jarduerarik gabeko eraikin publiko bat okupatu dute Donostian
'Bizitza da Handiena' plataformako zenbait kide Gipuzkoako hiriburuko Idiakez kalean dagoen eraikin batean sartu dira gaur goizean.
Agentziak | Erredakzioa
Hainbat gizarte mugimenduz gain, ELA eta LAB sindikatuak biltzen dituen 'Bizitza da Handiena' plataformak estatu espainiarren jarduerarik gabeko eraikin publiko bat okupatu du gaur goizean Donostian. Gipuzkoako hiriburuko Idiakez kaleko seigarrenean dago eraikina.
Eraikin publikoak "ez direla Administrazioarenak aldarrikatu dute, herriarenak baizik". Ondoren, 'Poder popular-Herri boterea' bi pankarta erraldoi erakutsi dituzte.
Halaber, 'Borrokaren astea' ekimenaren baitan kokatu dute gaurko ekimena, "boteretik garatzen ari diren politika antisozialei" aurre egiteko helburuz.
"Borroken bateratzea" abiatzeaz gain, "herri boterea elikatu" nahi dutela azpimarratu dute. Antolatzaileek gaineratu dutenez, "indarkeriarik gabeko borroka da, eta elkartasuna izango da jaso ditzakegun erasoei aurre egiteko tresna indartsuena".
"Eraikin publikoak ez dira Administrazioarenak, herritarrenak baizik. Hori dela eta, ateak ireki ditugu eta hemen egongo gara astebeteko kanpaina egiteko", azaldu dute: "Zazpi egunez egingo dugu okupazioa, eta "ateratzera etortzen badira, haiek arituko dira legez kanpo".
Azkenik, eraikinaren okupazioa aste honetan Gipuzkoako hiriburuko kaleetan egingo dituzten "ekintzetako bat" izango da.