Gizartea -
443 kasu aztertu dituzte
2016-2017 ikasturtean 86 eskola-jazarpen kasu identifikatu ziren Euskadin
57 kasu Bigarren Hezkuntzan gertatu dira; gainerako 29 kasuak, aldiz, Lehen Hezkuntzari dagozkio, bereziki etapa honetako azken urteari.
Agencias | Redacción
2016-2017 ikasturtean 86 jazarpen kasu izan ziren EAEko ikastetxeetan; Hezkuntza Ikuskaritzak azterturiko 443 kasuen % 19,41, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ostiral honetan Euskadiko eskola-jazarpenari buruzko azken datuen aurkezpenean jakinarazi duenez.
2015-2016 ikasturtean jasotako kasuekin alderatuta, beherakada nabarmena eman dela esan du sailburuak, 121 izan baitziren orduan (aztertutako guztien % 24,85).
Sailburuarekin batera aurkezpenean izan dira Jose Angel Ayucar, Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia eta Aitor Albizu, Durangoko Berritzeguneko aholkulari eta eskola-jazarpenaren kontrako Bizikasi ekimena garatu eta abian jartzeko lanean ari den profesionaletako bat.
Kasu kopuru altuena Bigarren Hezkuntzan eman da: 86 kasuen artean 57 (% 66) hezkuntza-etapa horretan gertatu dira; gainerako 29 kasuak, aldiz, Lehen Hezkuntzari dagozkio, bereziki etapa honetako azken urteari.
Antzeman diren kasuen izaera aztertuz, 12 eraso fisiko zuzen (kasuen % 13,9) izan dira; 18 hitzezko eraso (% 20,9); 42 bazterketa edo marjinazio sozial kasu (% 48,8): 7 kasu (% 8,1) beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuengatik; 3 kasu (% 3,4) jazarpen edo abusu sexuala eta jazarpen sexista dela eta; eta, azkenik, 4 kasu (% 4,6) bestelako arrazoiengatik.
Aipatzekoa da, bestalde, identifikatutako kasuen % 20an jazarpena Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ciberbullying deritzona dagoeneko ez da hain fenomeno berria, eta protagonismoa du eskola-jazarpen gisa identifikaturiko kasuetan.
Bizikasi eta Zeuk Esan
Hezkuntza Sailak Bizikasi ekimena jarri du abian 2017-2018 ikasturte honetan, jazarpen egoerei aurrea hartzeko, eta halakorik gertatu den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia izateko; baina baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenekin eta jarrera jazarlea duten ikasleekin ere.
Bestalde, duela ia zortzi urtetik hona Euskadin haurrei eta nerabeei arreta emateko telefonoa dago: Zeuk esan telefonoa (116 111). Zerbitzu honetan psikologo talde batek beharra duten gazte eta gaztetxoei entzun eta laguntza ematen die.