Gizartea -
Sexu-gehiegikeriak
16 dira jada Kote Cabezudo argazkilariaren aurka jarritako salaketak
Akusazioaren abokatu laguntzaileak zehaztu du 22 biktima identifikatu dituztela guztira. Horietako batek 12 urte zituen abusuak pairatzen hasi zenean.
eitb.eus
Antxon Masse Kote Cabezudo auziko akusazioaren abokatu laguntzaileak adierazi duenez, 16ra igo da jada argazkilari donostiarraren aurka salaketa jarri duten biktima kopurua, besteak beste, bortxaketak, sexu-abusuak, sekretuak azaleraztea, iruzurrak eta mehatxuak egitea egotzita.
'Esta Pasando' ETBko saioan mintzatu da Masse, eta, guztira, argazkilariak ustez egindako abusuen 22 biktima identifikatu dituztela jakinarazi du.
"Biktimak justiziaren biktima ere izan dira, sexu-gehiegikeriez gain", kritikatu du abokatuak, auzia instrukzio fasean ez aurrera ez atzera egon den bost urte horiek direla eta.
Horren ildotik salatu duenez, biktimak "susmagarriak bailiran" jokatu dute, "bereziki lehen salatzailearen kasuan". Masseren esanetan, "ez dute ezer egin jasaten ari ziren kalteak eteteko".
Azken bost urteetako epailearen aurka hainbat kereila aurkeztu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) epailea auzitik kentzea erabaki zuen.
Neurri horren ostean, epaile berriak auziaren norabidea aldatu eta, "soilik bederatzi egunetan", Cabezudo espetxera bidali eta bederatzi auzi berri abiaraztea erabaki zuen.
Biktimen artean adin askotako neska eta emakumeak daude, baina horietako batek salatu duenez, "12 urte zituen" abusuak jasaten hasi zenean.
Nahiz eta 22 biktima identifikatuta egon, horietako batzuek ez dute oraindik salaketa aurkezteko erabakia hartu.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.