Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gazte batek 25 urteko neska-lagun ohia hil du Barakaldon
Gainera, biktimaren egungo bikotekidea labanaz zauritu zuen. Gertakaria biktimaren etxebizitzan jazo zen atzo arratsaldean. Erasotzaileak urruntze-agindua zuen.
Erredakzioa
25 urteko emakumea hil du haren bikotekide izandakoak Barakaldon. Ertzaintzak ustezko erasotzailea (25 urte) atxilotu du eta biktimaren egungo mutil-laguna (29 urte) labanaz zauritzea ere leporatzen diote.
Ertzaintzak azaldu duenez, atxilotua emakume gaztearen etxera joan zen eta labanaz eraso egin zion, baita une horretan berarekin zegoen mutil-lagunari ere. Emakumea berehala hil zen eta gizonezkoa larri zaurituta geratu zen.
Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, bere pronostikoa erreserbatua da eta lasaigarriak eman behar izan dizkiote. Astearte honetan emandako mediku-partearen arabera, lepoan duen ebakiak ez die odol-hodi garrantzitsuei eragin, baina arnasa hartzeko makina baten laguntza behar du.
Ertzaintzak minutu batzuk geroago topatu zuen erasotzailea Barakaldon bertan, eta atxilotuta komisaldegira eraman zuten. Atxilotuak aurrekariak ditu delituak egiteagatik eta urruntze-agindua ere ezarrita zeukan, joan den azaroan biktimak jarri zuen salaketa baten ondorioz.
Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian gertatutako guztia argitzeko asmoz.
Jaurlaritzaren gaitzespena
Bestalde, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak gogor gaitzetsi du biolentzia matxistak eragindako heriotza eta hilketa salatzeko datozen egunotan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.
Agiri baten bidez, hildako emakume gaztearen guraso eta gainerako senideei bere babesa eta elkartasuna adierazi dio erakunde horrek. "Beste behin ere ozen esan behar dugu ez dugula onartzen emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria eta terrorea", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak.
Barakaldoko Udalak bozeramaileen batzordearen bilera deitu du 12:00etarako, herriko neska gaztearen hilketa gaitzesteko eta akusazio partikular gisa aurkeztuko dela jakinarazi du. Horrez gain, arratsaldeko 18:00etarako elkarretaratzea deitu dute.
Emakundek ere gaitzetsi du aipatu hilketa eta indarkeria matxista "gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun izugarriaren sinboloa" dela salatu du. Biolentzia mota horren aurka lan egitea gizarte guztiaren ardura izan behar dela azpimarratu du Emakundek.