Gizartea -

Aire-kontrolatzaileen gatazka

Fiskaltzak justizia arrunta erabiliko du aire-kontrolatzaileen aurka

Aire-kontrolatzaileen lanuzteek izandako eragina aztertuko du gaur Miguel Sebastianek. Bestalde, aire-kontrolatzaileek barkamena eskatu dute beraien "muturreko eta neurriz kanpoko" protestagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den ostiralean aire-kontrolatzaileen protesta zuzendu zutenen eta horren jarraitzaileen artean bereiziko duela esan du Fiskaltzak; Konstituzioaren zubiaren hasieran aire-eremuaren itxiera eragin eta alarma egoera ezarrarazi zuen protesta horrek.

Hori horrela, eta legean ezarritakoaren arabera, baliteke oinarriko aire-kontrolatzaileek aldeko tratua izatea beren lanpostua uzteko behartuak izan zirela frogatzen badute; supostu horretan, protesta gidarien erantzukizuna handiago izango litzateke, Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak kazetarien aurrean elkarrizketa informal batean aitortu duenez.

Era berean, prozesuak bide arrunta jarraituko duela jakinarazi du Conde-Pumpidok; izan ere, antza denez, larunbatean alarma egoera ezarri zenetik. ez dute desobedientzia militarrik egin, eta beraz, ez dituzte Militarren Kode Penalaren arabera epaituko.

Bestalde, aire-kontrolatzaileen lanuzteek turismoko sektorean izandako eragina aztertuko du Miguel Sebastian Industria, Turismo eta Komertzio ministroak astearte honetan.

Aire-kontrolatzaileek barkamena eskatu dute

Espainiako aire-kontrolatzaileak ordezkatzen dituen sindikatu nagusiak, USCAk, barkamena eskatu die asteburuko lanuztearen ondorioz kalteak jasan dituzten bidaiariei.Twitter bidez azaldutako mezuan, USCA sindikatuak dio ulertzen duela bidaiariek beraien kontra egin izana; izan ere, lanera ez joateko hartutako erabakia "muturrekoa eta neurriz kanpokoa" izan dela aitortu dute.

Hori bai, sindikatuak iragarri du beraien lan-gatazka azaltzen ete zer gertatu den kontatzen ahaleginduko direla aurrerantzean.

Bestalde, Cesar Cobo USCA sindikatuko idazkariak barkamena eskatu die kaltetuei Facebook sarearen bitartez. "Egoera izugarria" izan zen, esan du, baina "hilabeteetako presio" batek eragin zuela gaineratu du.

Normaltasuna aireportuetan

Guztira, lanera joan behar ziren 271 aire-kontrolatzailetik 267 joan dira lanera gaur, hau da, % 98,5, AENAren arabera. Datu horiek normalak direla gaineratu du Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioak.

Madrilgo kontrol-zentrora aire-kontrolatzaile guztiak (61) joan dira gaur lanera; Kanarietako (20) eta Balear Uharteetako (13) kontrol-zentroetan pare bat falta ziren soilik.Bartzelonakoan, 38 egon behar ziren eta 37 aurkeztu dira; eta Sevillan 18tik 17 egon dira.

Espainiako aireportuetan 4.053 hegaldi aurreikusita zeuden gaurko eta 3.262 aireratu dira 20:45ak arte, hau da, aurreikusitakoen % 80. Bestalde, 80 hegaldi bertan behera utzi dituzte, baina AENAren arabera, normaltasunez jarduten ari dira.

Oraindik erabaki gabe dute alarma egoerak zenbat iraungo duen

Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak aire-kontrolatzaileen krisiarekin Gobernuak egindako kudeaketa defenditu du. Zapaterok gainera, ez du alarma egoera luzatzeko aukera guztiz baztertu, "egoerak aurrera nola egiten duen ikusi beharko da".

"Horrelako krisi handi bati 24 ordu baino gutxiagotan aurre egitean eta informazioa nola, noiz eta nork eman behar zuen erabakitzerakoan bete-betean asmatu genuela argi uzten du" esan die presidenteak kazetariei Konstituzioaren Eguna ospatzeko ekitaldien aurretik egindako adierazpenetan.

Horren harira, eta egoerak aurrera nola egiten duen ikusita, Gobernuak alarma egoera luzatzea erabaki dezakeela iragarri du. Hasiera batean, egoera horrek 15 egun iraungo ditu, baina luzatzekotan "gainontzeko talde parlamentarien iritzia" kontuan izango duela esan du. Izan ere, balizko luzapena Kongresuan bozkatu beharko lukete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea