Gizartea -
Aire-kontrolatzaileen gatazka
Gobernuak alarma egoera luzatzeko aukera indarrean mantentzen du
"Normaltasuna 24 ordutan berreskuratu izanak, informazioa nola, noiz eta nork eman zuen erabakitzerakoan zuzen jokatu genuela islatzen du", adierazi du Zapatero presidenteak.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak aire-kontrolatzaileen krisiarekin Gobernuak egindako kudeaketa defenditu du. Zapaterok gainera, ez du alarma egoera luzatzeko aukera guztiz baztertu, "egoerak aurrera nola egiten duen ikusi beharko da".
"Horrelako krisi handi bati 24 ordu baino gutxiagotan aurre egitean eta informazioa nola, noiz eta nork eman behar zuen erabakitzerakoan bete-betean asmatu genuela argi uzten du" esan die presidenteak kazetariei Konstituzioaren Eguna ospatzeko ekitaldien aurretik egindako adierazpenetan.
Horren harira, eta egoerak aurrera nola egiten duen ikusita, Gobernuak alarma egoera luzatzea erabaki dezakeela iragarri du. Hasiera batean, egoera horrek 15 egun iraungo ditu, baina luzatzekotan "gainontzeko talde parlamentarien iritzia" kontuan izango duela esan du. Izan ere, balizko luzapena Kongresuan bozkatu beharko lukete.