Gizartea -
Maiztasun handiagoa
Loiuko aireporturako autobusak 15 minutuan behin aterako dira
Bidaiari kopurua hazi dela ikusita maiztasuna handitzea erabaki dute. Horrela, zerbitzua 05:15ean hasi eta 22:00etan bukatuko da Termibusen eta 06:15ean hasi eta 24:00etan bukatuko da aireportuan.
Agentziak | Erredakzioa
Aireportura doazen Bizkaibuseko autobusen maiztasuna handiagoa izango da maiatzaren 14tik (astelehena) aurrera, orain arte uda partean egin izan den bezala. 15 minutuan behin izango dira aireporturako autobusak. Maiztasun hori, gainera, urte osoan mantenduko da. Bestalde, 3 euroko salneurria izango du erabilera bakarreko txartelak eta salneurri bera Barik txartela erabilita.
Gero eta bidaiari eta turista gehiago heltzen dira Loiuko aireportura, eta garraio publikoa erabiltzen dutela ikusita, zerbitzuen maiztasuna areagotzea erabaki dute.
Iaz A3247 Bilbo/Aireportua lineak 2016an baino 122.000 erabiltzaile gehiago izan zituen. 680.563 bidaiarik erabili zuten 2016an eta 803.334k erabili dute iaz; Bizkaibuseko autobus linea guztiak ikusita, horrek izan du hazkunde handiena.
Datu horiek ikusita, orain arte udan 20 minutuko maiztasuna eta neguan 30 minutukoa izan bada ere, aurrerantzean 15 minutuan behin izango da zerbitzua urte osoan Bilbo hiriburutik aireportura. Termibusetik aireporturako zerbitzua 05:15ean hasi eta 22:00etan bukatuko da, eta aireportutik hiribururakoa 06:15ean hasi eta 24:00etan bukatuko da. Guztira, 16.100 bidaiari gehiago izango dira urtean.
Bestalde, maiatzaren 14tik aurrera, txartela kreditu txartelarekin ordaindu ahal izango da aireportuko Bizkaibuseko geltokian, eta neurri hori EHUko, Portugaleteko eta Sodupeko Bizkaibuseko bulegoetara ere zabalduko da.
Azkenik, Bilboko aireportura heldu berri direnei laguntzeko, autobus seinaleak hobetu dituzte, maletak batzeko tokian bertan jarri baitituzte seinaleak bidaiariek autobusa non hartu behar duten ikus dezaten, baina aurretik txartela atera behar dutela ohartarazten diete seinaleok.