Gizartea -

ERRUGBIKO FINALAK

Errugbiko finalek Bilboko trafikoari ere eragingo diote

100.000 bisitari baino gehiago espero dituzte Bilbon aste bukaera honetan, errugbiko finalak direla eta. Horren aurrean, garraio publikoa erabiltzea eskatu dute agintariek.

Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du Bilboko Udalak

1:20

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errugbiko Challenge Cup eta Champions Cup lehiaketen finalak jokatuko dira Bilbon aste bukaera honetan, eta hori dela eta, Bilboko Udalak, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak operatibo berezia jarri dute martxan. 100.000 bisitari baino gehiago espero dituzte Bizkaiko hiriburuan ostiraletik igandera.

Udalak hiriko trafikoaren antolaketa moldatuko du kale jakin batzuetan, finalak jokatzen diren egunetan. Hala, ostiralean, 17:00etatik 24:00etara, Zingira (Ernesto Erkoreka plazaren parean) eta Erribera kaleak (Mesedeetako zubiaren parean) eta Areatzako zubia (Bailen kalearen parean) itxita egongo dira. Larunbatean, berriz, 12:00etatik 24:00etara debekatuko dute ibilgailuen joan-etorria kale horietan.

Halaber, ostiralean (21:00etan) eta larunbatean (17:45ean), partidak jokatzen ari diren bitartean, futbol partidak dauden egunetan egin ohi diren trafiko mozketak egingo dira San Mames estadioaren inguruko kaleetan.

Ostegun arratsaldetik, bestalde, ezingo da San Mames inguruan ibilgailua aparkatu.

Garraio publikoa

Bilbora jendetza iristea espero dutenez, garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute agintariek. Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzak koordinatuta, Bilbobus, Bizkaibus, Bilboko tranbia eta Bilboko metroa indartuko dituzte, ostiraletik hasita.

Metroak, esaterako, etengabeko zerbitzua emango du hiru egunetan, eta maiztasuna areagotu egingo da jende gehien espero den orduetan (ostiral eta larunbat gauean).

Hiriburura ahalik eta ibilgailu gutxien sartzeko, aparkaleku bereziak jarriko dituzte Leioako eta Etxebarriko geltokien alboan, eta Barakaldoko BEC! erakustazokako aldirietako aparkalekuko plaza kopurua 1.500etik 4.000ra handituko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Kirolak Errugbia Bilbo Metro Bilbao Gizartea Bilbo erdialdeko sarbidea Beste kirol batzuk