Gizartea -

MOBILIZAZIOAK

Dozenaka mila pentsionista kalera atera dira, borrokan jarraituko dutela adierazteko

Espainiako Gobernuak eta EAJk adostu duten % 1,6ko igoera nahikoa ez dela ohartarazi eta, enegarrenez, 1.080 euroko "pentsio duina" exijitu dute.

Pentsiodunen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsiodunen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsiodunen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka mila pentsionista eta jubilatu kalera atera dira berriro Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hilean 1.080 euroko pentsio "duina" exijitzeko. Halaber, Espainiako Gobernuak iragarritako % 1,6ko igoera "nahikoa ez" dela ohartarazi dute, eta, ondorioz, "borrokan jarraitzeko" deia egin dute.

Manifestazio jendetsuena Bilbon egin dute. Udalaren arabera, 33.000 lagun inguru elkartu dira udaletxe aurretik arratsaldeko 18:00etan abiatu den mobilizazioan. Martxa Jesusen Bihotza plazan amaitu da, 19:30 aldera.

Bidean ustelkeriaren kontrako oihuak egin dituzte eta Mariano Rajoyren dimisioa eskatu dute: "Ez dugu partxerik nahi. Zu joatea nahi dugu".

Antolatzaileek mobilizazioa jendetsua izatearen garrantzia azpimarratu dute, "horri esker izan baita posible pentsioen gaia agenda politikoan jartzea". Hori dela eta, parte-hartzaileei esker ona adierazi diete.

Estatuko Aurrekontu Orokorraren negoziazioaren baitan Alderdi Popularrak eta EAJk egindako akordioa (pentsioak 2018an eta 2019an % 1,6 igotzea eta jasangarritasun faktorearen aplikazioa lau urtez atzeratzea) betetzen bada, "% 0,25aren inposaketa bi urtez eta balioa handitzeko indizearen aplikazioa geldiaraztea lortuko dugu".

Pentsionisten iritzian, honek guztiak erakusten du "borrokatzeak merezi" duela. Alabaina, igoera hori nahikoa ez dela eta atzeraeraginezko izaerarik izango ez duela ohartarazi dute.

Horrenbestez, mobilizatzen segitzeko deia egin dute, 1.080 euroko pentsioa lortu arte, jubilatuen bazterketak soziala saihesteko eta gizonezkoen eta emakumezkoen arrakala murrizteko.

Ildo horretan, gogora ekarri dute hurrengo manifestazioak maiatzaren 26an egingo dituztela Euskal Herriko hiriburuetan.

Gasteizen "pentsio duinak" aldarrikatzeko manifestazioa goizean egin dute. Milaka lagun atera dira kalera  eta, besteak beste, EAJren eta PPren kontrako oihuak egin dituzte.

"Orain arte dirurik ez zegoela esaten zuten eta orain ezustean pentsioen igoera iragarri dute", adierazi dute Espainiako Gobernuak eta EAJk adostutako % 1,6ko igoerari aipu eginez.

Igoera hori borrokan eta kalean mobilizatzen segitzeko beste arrazoi bat gehiago izan behar dela erantsi dute.

Donostian ere manifestazio jendetsua egin dute eta antolatzaileek arrakastatsutzat jo dute mobilizazioa.

Manifestazioa Cervantes Plazatik abiatu eta Boulevarden amaitu da, hiriguneko kale nagusiak zeharkatu ostean.

"Hau da gure indarra, batasunaren indarra", azpimarratu dute antolatzaileek.

Pentsionistak manifestazioa Donostia EFE

(Donostian egindako manifestazioa. Argazkia: EFE)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia albisteak Gizartea Gasteiz Albisteak Manifestazioak Pentsioak