Gizartea -
Mobilizazioa
'Bizilagunen beharrekin' bat datorren 'beste Bilbo bat' eskatu dute
Mila pertsona baino gehiago bildu dira Bizkaiko hiriburuan, 'erakusleiho gisa ezarritako hiri-ereduaren aurrean' hainbat auzok bizi duten egoera salatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta hirian lan egiten duten hainbat gizarte-kolektibok deituta, manifestazioa egin dute larunbat honetan Bizkaiko hiriburuan, elkartasunean eta gizarte arloan oinarritutako bizilagunen beharrekin bat datozen hiri-proposamenak eraikitzeko aukera emango duen "beste Bilbo bat" eskatzeko.
'Otro Bilbao es posible' (Beste Bilbo bat posible da) lelopean, 1.500 bat pertsona bildu dira, pentsio eta etxebizitza duinak aldarrikatzeko. Horrez gain, eskasia, publikoa denaren pribatizazioa, etxegabetzeak edo zenbait auzok bizi duten egoera ere salatu dute.
Javier Muñoz Auzo Elkarteen Federazioko presidenteak hedabideei martxaren hasieran egindako adierazpenenetan salatu duenez, "Bilbo ez da herritarrek nahi duten ibilbidea egiten ari". Era berean, San Frantzisko eremuan bizi-itxaropena beste auzoetan baino hamar urte baxuagoa dela kritikatu du.
Muñozen aburuz, Bilbo ez da "kohesionatutako" hiria. Horrenbestez, auzoetako inbertsioak erdigunean baino "azkarrago" egin beharko lirateke.
Zentzu horretan, eta gaurko manifestazioa "inoiz ez bezalakoa" izan dela esan ostean, kale batzuk oinezkoentzat jartzea kritikatu du, "merkataritzarako kale" bihurtzen baitira. Bestalde, bizilagunak baino gehiago, turismoa kontuan izatea gaitzetsi du.
Auzoz auzoko pankartak eta leloak ikusi ahal izan dira manifestazioan. EH Bilduko eta Ezker Anitzako ordezkariez gain, Loli Garcia CCOO sindikatuak Euskadin duen idazkari orokorrak hartu du parte, besteak beste.
Bilboren "balioak"
Azkenik, antolatzaileek ohar bat irakurri dute ekitaldiaren amaieran. Horren arabera, Bilboren balioak "inklusio soziala eta herritarren parte-hartzea" izan behar direla berretsi dute, Bilbon bizi eta lan egiten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.