Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Laurogeitaka urteko gizon batek adingabe bati sexu-abusuak egin dizkio Santurtzin
Sexu askatasunaren aurkako delitua San Jorge elizako inguruetan gertatu zen, iragan larunbatean, Udalak azaldu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta gizonezko bati sexu-abusuak leporatu dizkio Santurtzin (Bizkaia). Sexu-abusuak ustez adingabe bati egin zizkion iragan larunbatean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Sexu askatasunaren aurkako ustezko delitua San Jorge elizako inguruetan gertatu zen, iragan larunbatean, Santurtziko Udalak azaldu duenez. Ustezko erasotzailea laurogeitaka urteko gizon bat da, erantsi duenez.
Santurtziko Udalbatza astelehen honetan bildu da, gertakariak “aho batez eta irmo” gaitzesteko. Gainera, bost minutuko elkarretaratze isila deitu du astearte honetarako (13:00), udaletxe aurrean. Era berean, kolektiboek deitutako ekitaldiak babestuko dituztela iragarri dute talde politikoek.