Gizartea -

2017ko datuak

Biktimen Arreta Zerbitzuaren interbentzioen erdiak genero indarkeriarekin zuen lotura

Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzuak 2.201 pertsonari erantzun zien 2017an eta 8.000 jarduera baino gehiago burutu zituen, aurreko urtean baino % 9 gehiago.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arreta Zerbitzuak 2.201 pertsonari erantzun zien 2017an, Euskadin, eta 8.000 jarduera baino gehiago burutu zituen, aurreko urtean baino % 9 gehiago; jarduera horietatik erdiak genero indarkeriarekin zuen lotura.

Biktimen Arreta Zerbitzuak 1.763 emakumeri eta 438 gizoni erantzun zien iaz. Horietatik, % 48 genero-indarkeriarekin lotutako delituen biktima ziren, kasuen ia % 99 emakumeen aurka.

Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak Biktimen Arreta Zerbitzuaren (BAZ) urteko memoria aurkeztu du gaur, asteazkena, Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzako zerbitzu bat da, boluntarioa eta doakoa, interbentzio integrala eskaintzen diena (psikologikoa, juridikoa eta soziala) delituzko edozein ekintzak erasandako pertsonei.

San Josek adierazi duenez, 2017an BAZek burututako jardueren erdia genero indarkeriaren arloan sartzen ziren (guztira 3.986 jarduera), eta ondoren familia barruko indarkeriaren biktimei dagozkienak (guztira 1.404 jarduera).

Kasu guztietan, jardueren kopururik handiena Justizia Administrazioarekiko eta gainerako Administrazio Publikoekiko (estatu, foru eta toki mailakoak) koordinazio-zereginei dagokie.

"Oro har, delitu baten biktimak inpaktu emozionala ere jasaten du; hori dela eta, bide juridikoarekin harremanetan jartzen denean, biktimari eragindako kalteak arintzea da gure helburua, eta baita bigarren mailako biktimizazioa deritzan hori prebenitzea ere", esan du sailburuak.

"Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza-zerbitzu juridikoak hor daude, emakumea ahalik eta baldintza egokienetan joan ahal izan dadin epaitegira deklaratzera"

Horren harira, San Josek berriro ere azpimarratu du "indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza-zerbitzu juridikoak hor daudela, emakumea ahalik eta baldintza egokienetan joan ahal izan dadin epaitegira deklaratzera".

Bestalde,  2017an 2.355 prebentziozko espetxeratze jakinarazpen egin ziren, ia 400 gehiago aurreko urtearen aldean (% 20 gehiago). Guztira 694 biktimak jaso zuten arreta, 580 emakumek eta 114 gizonek, (% 16,5 gehiago).

Kaltegilea espetxetik atera izanaren jakinarazpenak, dagokion kausan babes edo urruntze agindu batekin adostuta, ia % 25 gehitu ziren. Espetxetik atera izanaren 1.193 jakinarazpen guztira, eta haietatik 525ek (% 44) genero-indarkeriarekin zuten lotura.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Albisteak