Gizartea -
Epaia
Herri-epaimahaiak errudun jo du Leyre Rodriguezen senar ohia
Epaimahaiak aho batez senar ohia errudun jo du, "nahita hil zuelako, eta biktimari defendatzeko inolako aukerarik eman gabe".
Agentziak | Erredakzioa
Herri-epaimahaiak aho batez errudun jo du Leyre Rodriguezen senar ohia, "nahita hil zuelako, eta biktimari defendatzeko inolako aukerarik eman gabe". Emakume gaztea 2015eko abuztuan hilik topatu zuten, Bilboko errepide batean.
Herri-epaimahaia bost gizonezkok eta lau emakumezkok osatu dute. Eztabaida astelehen honetan bertan hasi dute epaimahaiko kideek, goizean. Epaiketaren ahozko saioak iragan astean egin zituzten Bizkaiko Lurralde-auzitegian. J.M.P. epaitu dute, emazte ohia hil izana egotzita.
Epaimahaiaren erabakia entzun ondoren, Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak, akusazio partikularrak (familia) eta herri-akusazioak (Clara Campoamor Elkartea) zigor eskaerak mantendu dituzte: 23 eta 30 urte arteko espetxe-zigorra. Defentsak, aldiz, "zigorrik txikiena" ezartzeko eskatu du.
Herri-epaimahaiak frogatutzat eman du, 2015eko abuztuaren 27an, 21:30 inguruan, Jorge Mateos emazte ohiaren etxera joan zela, "Leyre hiltzeko asmoz".
"Ezustean", gizonezkoak ahoa eta sudurra indarrez estali zizkion eta bainugelara eraman zuen, "burua baineraren kontra gutxienez sei aldiz kolpatuta", eta biktima zorabiatuta edo konorterik gabe utzi arte.
Ondoren bainugelatik atera eta pasilloko alfonbra gainean utzi zuen emakumea botata. Hiru ordu geroago, Leyre besoetan hartu eta etxeko atari parean aparkatuta zuen autoan sartu zuen, ibilgailuaren maletategian. Biktima oraindik bizirik zegoen.
Jorge Mateos Bilboko Abusu auzoraino joan zen. Autoa gelditu, Leyre maletategitik atera eta errepidean utzi zuen, "istripu bat izan zela irudikatzeko asmoz".
Emazte ohia hiltzeko, ibilgailuarekin haren gainetik bi aldiz pasatu zen, lehenengo atzeraka eta ondoren aurreraka, "Leyreri heriotza eraginez".
Herri-epaimahaiaren arabera, gorpua autoarekin harrapatu izanak agerian uzten du emakumea hiltzea zela bere helburua. Etxean kolpatu ostean edo hainbat orduz ibilgailuko maletategian izan ondoren bizirik edo hilda ote zegoen egiaztatu ez zuela erantsi du.
Horrez gain, Leyre emakume izateagatik hil zuela ondorioztatu du, lekukoek erasotzailearen eta biktimaren arteko harremanari buruz epaiketan esan dituztenak entzunda.
Herri-epaimahaiak uste du akusatuak ez zuela onartu harremana amaitu zela eta banaketak "haserre handia" eragin ziola.
Halaber, ikerketan lagundu ez duela, benetan gertatu zena aitortu ez duela eta emazte ohia hil izanagatik damurik agertu ez duela nabarmendu du.
Bestalde, akusatuak bi seme-alabei bere etxearen erdia eman izanak, hipoteka ordaintzen jarraitu izanak edota epaitegian bere erantzukizunei aurre egiteko 16.000 euro kontsignatu izanak "ez du eragindako kaltearen ondorioak murrizten", pertsona bat hil duelako eta ume horiek ama gabe utzi dituelako.
Herri-epaimahaiaren erabakia jakinda, epaileak datozen egunetan emango du epaia.