Gizartea -

Etxegabentzako neurriak

Etxegabeen kopurua % 20 murriztea hitzartu dute euskal erakunde nagusiek

Akordioa Euskadiko udalerri nagusietan ezarriko dute, eta etxegabeen kopurua 2020. urterako murriztu nahi dute.

Pertsona etxegabe baten irudia, kalean lo egiten.
Pertsona etxegabe baten irudia, kalean lo egiten.
Oraindik 274 etxegabek kalean egiten dute lo arrazoi desberdinengatik

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko udalerri nagusietan pertsona etxegabeen kopurua % 20 murrizteko akordio bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL), foru aldundiek eta bederatzi euskal udalek, Etxegabeen Euskal Estrategiaren baitan. Etxegabe zenbakia 2020. urterako murriztu nahi dute.

Gasteizen sinatu dute dokumentua, eta gida gisa antolatu dute. Izan ere, egitasmoaren oinarriak, helburuak eta ildoak jaso dituzte hitzarmenean, eta erakunde bakoitzak ekimen zehatzak zehaztuko ditu. Akordioa sinatu ostean, urtebeteko epea izango dute erakundeek hitzartutako ildoak gauzatzeko plana diseinatzeko.

Hitzarmen honekin, etxegabeen egoera prebenitzeko politikak sendotu, pertsona etxegabeei ematen zaien arreta zerbitzuaren norabidea aldatu eta horien osasun eskubideak, diru-sarrerak eta enplegua bermatu nahi dituzte, bizitokia edozein dutela ere.

Gainera, horretan parte hartuko duten erakundeek etxegabeen pertzepzio soziala aztertuko dute, pertsona horien biktimizazio egoera saihesteko.

Akordioa honakoek sinatu dute: Eusko Jaurlaritzako hiru sailek (Enplegua eta Gizarte Politikak, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza eta Osasuna), Euskadiko hiru foru aldundiek, EUDELek eta bederatzi udalek (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Irun, Santurtzi eta Laudio).

Etxegabetasun egoera

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorazi duenez, 2016an 2.009 etxegabe zenbatu zituzten 20 udalerritan, eta horien % 13k espazio publikoetan egiten zuten lo. Gainerakoek zentroetan egiten zuten.

Artolazabalen arabera, “etxegabetasuna lau kausa-multzo handiren (egiturazkoak, instituzionalak, pertsonalak eta harremanei lotutakoak) elkarreragin dinamikoaren ondorioz sortzen den prozesua da, eta, normalean, aldi berean edo elkarrekin ageri dira”.

Urtean 47 milioi euro erabiltzen dira EAEn etxegabeak artatzeko, eta horietako 40 diru-kutxa publikoetatik ateratzen dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Gasteizko Udala berriak Donostiako Udala Getxo albisteak Portugalete bideoak Santurtzi albisteak Barakaldo Eusko Jaurlaritza berriak Laudioko albisteak Gizartea Ekonomia Irun bideoak Eguneko albisteak Etxebizitzen merkatua EUDEL Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia azken ordukoa