Gizartea -
Gipuzkoa
Gizon bat hil da bihotzekoak jota Donostian, Ertzaintzarekin izandako liskar batean
Liskarra Altza auzoko etxebizitza batean gertatu da. Emakume batek laguntza eskatu du, gizon bat mehatxuka ari zitzaiolako.
Agentziak | Erredakzioa
39 urteko gizonezko bat hil da gaur goizaldean Donostiako Altza auzoan, bihotzekoak jota, etxebizitza batean Ertzaintzarekin liskarra izan ostean. Etxearen jabeak deitu dio Ertzaintzari, gizon bat mehatxatzen ari zitzaiolako. Segurtasun Sailaren arabera, gizonak indarkeriaz hartu ditu agenteak, ustez drogaren baten eraginpean. Hala, hainbat lesio eragin dizkie ertzainei.
Agenteek atxiki egin behar izan dute, eta bihotzekoak eman dio. Anbulantziaren zain zeuden bitartean suspertzen saiatu diren arren, ezin izan dute ezer egin. Osasun-langileek hilda zegoela baieztatu dute.
Horrez gain, sei ertzain artatu behar izan dituzte, liskarrean jasandako lesioen ondorioz. Ertzaintzak atestatua ireki du, gertaera aginpide judizialaren esku uzteko.