Gizartea -
Epaiketaren bosgarren saioa
Senar ohiak Leyre Rodriguez 'odol hotzean' hil zuela uste dute akusazioek
Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak, akusazio partikularrak eta defentsak ondorioak aurkeztu dituzte ostiral honetan. Saioa akusatuaren hitzekin amaitu da: “Sentitzen dut”.
Agentziak | Erredakzioa
Leyre Rodriguezen senar ohiari 23-30 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu dute Fiskaltzak eta gainerako akusazioek, hilketa maltzurkeriarekin egin zuela uste dutelako; izan ere, “odol hotzean hil zuen”, “aldez aurretik pentsatu eta prestatuta”, eta gazteak ez zuen defendatzeko “inolako” aukerarik izan.
Bestalde, zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du defentsak, gertakariak akusazioek azaldu bezala jazo zirena pentsatzeko “zalantzak” daudela iritzita. Abokatuaren hitzetan, “maltzurkeriarik ez zen izan eta, ondorioz, hilketarik ez lukete leporatu behar, homizidioa baizik”.
Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak, akusazio partikularrak (familia) eta herri-akusazioak (Clara Campoamor Elkartea) ondorioak aurkeztu dituzte ostiral honetan, baita defentsak ere, epaiketaren bosgarren saioan. Epaiketa epaimahaiarekin egin dute Bizkaiko Lurralde-auzitegian. 2015eko abuztuan Leyre Rodriguez hil zuten Bilboko Abusu auzoan. J.M.P. biktimaren senar ohia epaitu dute.
Saioa akusatuaren hitzekin bukatu da: “sentitzen dut”. Datorren astelehenean epaiaren objektua epaimahaiari entregatuko diote, eztabaidatzen hasteko.
Biktimaren senar ohiari hilketa maltzurkeriarekin eta ahaidetasun zein genero larrigarriekin leporatzen diote akusazio ezberdinek. Aste honetan epaiketan ikusi eta entzun dituzten frogek eta testigantzek argi utzi dutenez, J.M.P. akusatuak Leyre “hiltzeko asmoa zuen lehen unetik” eta, gainera, “modu horretan egiteko aldez aurretik prentsatu eta prestatu zuen”, fiskalaren arabera.
Defentsak, ostera, 7 urteko espetxe-zigorra eskatu du homizidio delitu batengatik. Abokatuaren ahotan, “justizia ezin daiteke mendekatia izan”, “bidezkoa eta une bakoitzean epaitzen diren gertakari konkretuei egokitu” baizik.