Gizartea -
Donostia
Xabi Alonso futbolaria Urrezko Danborra 2011 izango da
Tolosako futbolariak urtarrilaren 20an jasoko du danborra, Donostiako udaletxean.
Radio Euskadi
Xabi Alonso Espainiako selekzioko eta Real Madrileko erdilaria aukeratu du Donostiako Turismo Elkarteak 2011ko Urrezko Danborra izateko.
Udal elkarteko Administrazio-kontseiluak bozketa egin du gaur eta gainerako hautagaiak gainditu ditu Alonsok, baina Urrezko Danbor bezala Donostiako Udalak berretsi beharko du osoko bilkuran.
La Oreja de Van Gogh musika taldea ordezkatuko du Tolosako futbolariak. Musika taldeak iaz jaso zuen saria. "Donostiako hiriaren irudi erakargarri bat plazaratzeko egindako ekarpena" aintzat hartzen du sariak.
Urtarrilaren 20
Udaleko osoko bilkurak elkartearen erabakia berretsiko du, izan ere, Turismo elkartearen proposamenak ia beti onartu ditu Udalak, 2003an kenduta. Orduan desadostasun politikoek La Oreja de Van Goghen hautagaitza atzera bota zuten. Alonsok urtarrilaren 20an jasoko du danborra zeremonia batean, Donostiako udaletxean.
Biarritz Olimpique errugbi taldea, Iñaki Barrena Union Artesanako Danbor Nagusia, Richard Oribe igeriketa txapeldun paraolinpikoa eta Juan Mari Arzak sukaldariaren hautagaitzak gainditu ditu Alonsok.
Antiguoko futbol taldeak eta enterat.com atariak proposatu zuten erdilariaren hautagaitza.
Jokalariak transmititzen dituen balioak goraipatu ditu Turismo Elkarteak: "Taldearekiko, taldekideenganako eta aurkarienganako errespetua, eta pertsona langile, apal eta adeitsu baten irudia".