Gizartea -

Epaiketa

Auzitegi-medikuak baliorik gabe utzi du Leyre Rodriguezen senar ohiaren bertsioa

Forentseak azaldu duenez, emakumea auto batek harrapatuta hil zen, eta ez aurretik buruan hartutako kolpeen ondorioz.

Jorge Mateos Prado akusatua epaiketan. Argazkia: EFE
Jorge Mateos Prado akusatua epaiketan. Argazkia: EFE
Jorge Mateos Prado akusatua epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leyre Rodriguez 2015eko abuztuaren 7an hil zuten Bilboko Abusu auzoan. Jorge Mateos Prado senar ohia da ustezko hiltzailea eta gaur, Bizkaiko Auzitegian egiten ari diren epaiketaren laugarren saioan, auzitegi-medikuaren testigantzak baliorik gabe utzi du haren bertsioa.

Leyrek buruaren atzealdean dituen sei zauriak "ezbehar baten ondorioz atzeraka erorita eragindakoak izatea ezinezkoa" dela esan du hilotzari autopsia egin zion medikuak, akusatuaren azalpena gezurtatuz.

Halaber, forentsearen iritzian, burua objektu baten kontra gutxienez sei aldiz kolpatu zuten. Objektu hori bainu-gelako maila izan zitekeela erantsi du.

Buruan hainbat kolpe jaso bazituen ere, Leyre bizirik zegoela eta ondoren auto batek harrapatuta hil zela ziur agertu da. Akusatuak bere garaian esan zuen emazte ohia autoarekin harrapatzea erabaki zuela, hilda zegoela uste zuelako eta berak hil ez zuela inork sinetsiko ez ziolako.

Horrez gain, auzitegi-medikuak esan du Leyrek aurpegian zauriak zituela eta uste duela erasotzaileak ahoa indarrez estali ziola, kolpatzen zuen bitartean biktimak oihurik egin zezala ekiditeko.

Bestalde, gaurko saioan akusatuari egindako azterketa psikologikoaren emaitzak aurkeztu dituzte. Adituek esan dute Leyreren senar ohia pertsona "hotza, manipulatzailea eta berekoia" dela, baina horrek ez duela bere ezagutzan eraginik eta, ondorioz, badakiela zer egiten duen gaineratu dute.

Epaiketa bihar amaituko da, alde guztiek euren ondorioak aurkeztuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Albisteak Matxismoa