Gizartea -
Enoturismo kongresua
Araba enoturismoaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da 2019an
Arabako Errioxan eta Gasteizen egingo dute enoturismoaren nazioarteko kongresuaren hamaikagarren edizioa. Hitzaldiak eta Workshop tailerrek osatuko dute egitaraua.
agentziak | erredakzioa
Araban egingo dute 2019ko Internantional Wine Tourism Conference, Exhibition & Workshop (IWINETC) izeneko kongresuaren hamaikagarren edizioa. Gasteizen eta Arabako Errioxan batuko dira enoturismoarekin lotutako produktuen hornitzaileak, bidaia-agentziak eta sektore hori komertzializatzen adituak diren turoperadoreak, 50 herrialde baino gehiagokoak.
Nazioartean kongresu oso garrantzitsu bihurtu den honetan, bi egunez hitzaldiak emango dituzte Gasteizen, eta bi egun eta erdi emango dute Arabako Errioxan, Workshop lantegiak eginez. Azken jardunaldi honek enoturismoarekin lotutako produktuen hornitzaileak, bidaia-agentziak eta horretan adituak diren turoperadoreak bilduko ditu.
Horrez gain, kongresuak sektoreko produktuak erakusteko gune bat izango du, eta, besteak beste, elkarteak, turismo bulegoak, ardo museoak, hotelak eta upategiak egongo dira bertan.
Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua pozik agertu da, eta kongresu honek Euskadi, oro har, eta Arabako Errioxa, zehatzago, nazioartean kokatzen lagunduko duela azpimarratu du.
Bestalde, Cristina Gonzalez Arabako Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuaren arabera, “upategiak eta ardoa Araba atzerrian ezagutzera emateko bidea dira”. Gainera, “biltzar honek bultzada handia emango dio Arabako Errioxaren promozioari Estatuan zein atzerrian, helmuga enoturistiko bikain gisa”.
Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen ustez, oso garrantzitsua da Gasteiz enoturismoaren hiriburu bihurtzea mundu mailan. Horren esanetan, arabarrak prest daude horrelako ekitaldiak hartzeko, eta ardoaren kultura harro egoteko modukoa dela eta gora egiten ari den sektorea dela erantsi du.