Gizartea -
Ikerketa baten arabera
Tabakismo pasiboak 600.000 pertsona hiltzen ditu urtero, munduan
OMEk adierazi duenez, tabakismo pasiboak urtean 165.000 ume hiltzen ditu urtero. Ikertzaileen aburuz, "kea arnastera behartzen dituztenengandik aldendu ezin direlako kaltetzen ditu gehien".
Erredakzioa
Tabakismo pasiboak 600.000 pertsona hiltzen ditu urtean, mundu osoan. Haurrak dira gaitz honek gehien kaltetzen dituenak, The Lancet aldizkariak aste honetan bertan argitaratu duen ikerketa baten arabera. Osasunaren Mundu Erakundeak eskatutako azterketa horrek tabakismo pasinoak munduan duen eragina aztertu du eta, horren arabera, urtean 165.000 haur hiltzen dira gaitz honen ondorioz.
Tabakismo pasiboak 379.000 bihotzeko gaixotasun, batez ere haurrak kaltetzen dituen 165.000 arnas gaixotasun eta 21.400 biriketako minbizi kasu eragiten ditu. Umeen ehuneko 40, emakumeen ehuneko 35 eta gizonezkoen ehuneko 33 beste pertsona batzuen kea arnastera behartuta izaten dira.
Haurren arteko heriotza gehienak garapen bidean dauden herrialdeetan izaten dira. Adinekoen artean, berriz, kopurua altuagoa da garatutakoetan. 2004an, 43.375 ume eta 9.514 adineko hil ziren gaitz honen ondorioz, Afrikan. Europan, berriz, 71 adingabe eta 35.388 adineko hil ziren.
Ikertzaileen aburuz, "kea arnastera behartzen dituztenengandik aldendu ezin direlako kaltetzen ditu gehien umeak". Gehienetan, adineko horiek haurren senideak edo etxean erretzen duten pertsonak izaten dira.