Gizartea -
EGURALDIA
Alerta aurreko egoera ezarri dute Nafarroan, uholde arriskuagatik
Alerta horian dago Foru Erkidegoa, euriteengatik, eta ibaien ur maila asko igo da azken orduotan. Hori dela eta, larrialdi egoetarako plana aktibatu du Nafarroako Gobernuak.
agentziak | erredakzioa
Alerta aurreko egoera ezarri du Nafarroako Gobernuak, uholde arriskuagatik, eta larrialdi egoeretarako plana martxan jarri du.
Maria Solana Foru Gobernuko eledunak eman du jakitera erabakia, goizeko bileraren ondoren. Tokian tokiko arduradunak eta larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri dituzte, eta herritarrei ere egoeraren berri emango diete une oro.
Datozen orduotarako euri asko espero da, eta alerta horian dago Nafarroa. Ibaien ur emaria asko igo da, eta zenbait lekutan, gainezka egiteko arriskua handia da.
Bestalde, egoera aztertzeko, Larrialdietarako Mahaiaren bilera deitu dute eguerdirako, eta bilera hori amaitu berritan, Mari Jose Beaumont Barne kontseilariak esan du arratsaldean, batez ere, Arakil ibaiaren emaria zainduko dutela, Sakanako herrietan.
Lizarran, ere, Ega ibaiak gainezka egin dezakeela uste dute, eta Iruñean uholde arriskua aurreikusi dute, Argaren ur-goraldia dela eta.
Gainera, hainbat tokitan errepideak itxiko dituzte arratsaldean, kontseilariak jakitera eman duenez. Bihar arte luzatu ditzakete bide mozketak.
Bileran, besteak beste, Bardeako egoera aztertu dute, ezohiko itxura hartu baitu gaur leku horrek. Lehor egoten diren lurrak, urak hartuta daude goizean goizetik. Ibilgailuei lur horietan sartzea debekatu die Foru Gobernuak.
Arga, alerta mailan
Azken orduotako euriteen ondorioz, urak harrotuta daude Nafarroako ibaietan. Funesen Arga ibaia alerta mailara iritsi da.
Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, bestalde, 08:30ean alerta aurreko egoeran zeuden Ega ibaia Murietan eta Lizarran, Aragoi ibaia, Caparroso, eta Ebro, Castejonen. Azken egunotan euri asko bota du, baina, batez ere, azken orduotako euri jasek eragin dute ur-goraldia, batean eta bestean.
Argaren ur emaria etengabe handitzen ari da Funes parean, eta Foru Gobernuaren azken datuen arabera, 5,05 metrora iritsi da uraren maila goizean, sasoi honetan, batez besteko maila, 2,21 metrokoa denean. Emaria segundoko 382,5 metro kubikokoa da gaur.
Lizarran goranzko joera du Ega ibaiak; 3,25 metroko maila harrapatu du (batez besteko maila 1,19 metrokoa da), eta segundoko 153 metro kubikokoko emaria du uneotan.
Antzeko egoeran da Aragoi ibaia, Caparroso parean: 3,65 metroko mailara iritsi da, batez bestekoa, 1,58 metrokoa denean.
Azkenik, Ebroren ur maila ere hazten ari da azken orduotan, Castejon inguruan. Bere ohiko ur emaria bikoiztuta, 5,63 metroko mailara heldu da.
Iragarpena
Ostegun honetan, egunaren lehen partean, ez da aldaketarik espero: euria sarri eta ugari egiten jarraituko du, eta zerua estalita egongo da.
Arratsalde-gauean euri gutxiago egingo du, noizbehinka eta euri txikia, eta baliteke egunaren amaieran ostarte batzuk ere irekitzea.