Gizartea -
Borroka handia
Zazpi gazte atxilotu dituzte Gasteizen desordena publikoengatik
Gazte-andana handi batek borroka izan du diskoteka baten aurrealdean. Ertzainei aurre egin diete, beirazko botilak eta mahaiak botata eta, horren ondorioz, zazpi agente kolpatu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zazpi gazte atxilotu dituzte igande goizalde honetan Gasteizen, diskoteka baten aurrealdean talde handi batek izandako errieta zalapartatsu baten ondorioz, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gainera, liskarraren ondorioz, zazpi ertzainek hainbat kolpe jasan dituzte.
Gertaera 06:00ak pasata jazo da, Dato kaleko diskoteka baten aurrealdean. Taberna horren barruan alkohola adingabeentzat salgai zegoela jakin du Ertzaintzak, ondorioz, patruila bat bertaratu da. Informazio hori egiaztatu eta lokala hustu ostean, liskarra sortu da kanpoaldean, gazte ugariren artean. Ertzainak heldu direnean, horiei aurre egin diete, eta mahaiak, aulkiak, beirazko botilak eta edalontziak bota dizkiete.
Talde handia zenez, patruila gehiago joan dira, eta guztira, zazpi lagun atxilotu dituzte, desordena publikoa eragitea leporatuta, eta zortzigarren bati espedientea ireki diote, Segurtasun Legearen arabera, desobedientzia egotzita.