Gizartea -
Aste Santua
Gaztelugatxeko errepidetik autoen zirkulazioa debekatuko du Bakiok
Zonaldeko bizilagunek eta lursailen jabeek bakarrik erabili ahal izango dituzte motordun ibilgailuak errepide horretan, Kareagatik Urizarretako zelaietaraino.
Agentziak | Erredakzioa
Gaztelugatxeko kostaldeko errepidetik motordun ibilgailuak zirkulatzea debekatuko du Bakioko Udalak (Bizkaia), Aste Santutik aurrera, Udalak agiri batean jakitera eman duenez.
Udalak azaldu duenez, zonaldeko bizilagunek eta lursailen jabeek bakarrik erabili ahal izango dituzte motordun ibilgailuak errepide horretan, Kareagatik Urizarretako zelaietaraino; bien bitartean, gainerakoak “oinez edo motorrik gabeko ibilgailuetan soilik pasa ahal izango dira”.
Hiri-antolamendurako Egitasmo Orokorra egiteko partaidetza prozesuan hartutako “konpromiso” bat da, baita 2017an San Pelaion egindako bilera ezberdinetan ere.
Udalak behin-behineko bide-seinaleak jarriko ditu Eneperin eta Askadan, Aste Santuari begira. Ondoren “behin betiko neurri bat hartzeko lanean hasiko da, zonaldean bizi diren pertsonen beharrizanak asetzeko”.