Gizartea -

Guardia Zibila

Santurtzitik Erresuma Batura pertsonak zeramatzan talde bat desegin dute

Bi pertsona atxilotu dituzte Bilbon, bi Portugaleten eta hiru Santanderren, Erresuma Batura modu ilegalean pertsonak eramaten zituen irakiar jatorrizko organizazio baten kide izatea leporatuta.

Harresia gainditu eta ibilgailuetan sartzen laguntzen zien taldeak. Argazkia: Guardia Zibila
Harresia gainditu eta ibilgailuetan sartzen laguntzen zien taldeak. Argazkia: Guardia Zibila

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak zazpi pertsona atxilotu ditu Santurtzitik (Bizkaia) eta Santanderretik (Kantabria) Erresuma Batura modu ilegalean pertsonak eramaten zituen irakiar jatorrizko organizazio baten kide izatea leporatuta.

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak hedabideei igorritako oharraren arabera, operazioa Bilbon, Portugaleten eta Santanderren egin dute. Guztira, zazpi pertsona atxilotu eta hiru miaketa egin dituzte.

Zehatz-mehatz, Bilbon bi lagun atxilotu dituzte, beste bi Portugaleten eta hiru Santanderren. Miaketei dagokienez, agenteek miaketa bana egin dute hiru hirietan.

Azken hilabeteotan -dio oharrak- Estatutik abiatutako itsasontzietan Erresuma Batuan sartzen saiatu diren pertsona kopuruak gora egin duela egiaztatu dute. Kasu batzuetan Estatuan atzeman dituzte eta, beste batzuetan, Erresuma Batuan bertan.

Operatiboan zazpi pertsona atxilotu dituzte, tartean, irakiarrak, albaniarrak eta espainiarrak. Atxilotuei "herrialde britainiarrean, itsasotik, agirik gabeko etorkinak eta, besteak beste, Irak, Siria, Afganistan eta Pakistanetik etorritako errefuxiatuak sartzea ahalbidetzea" egotzi diete. Jarduera "Santander eta Santurtzitik abiatzen diren ferryen bidez" egiten zuten.

Ikertzaileen arabera, sare horretako kideek Erresuma Batura joan nahi ziren pertsona jaso (batzuetan Frantzian) eta Kantabriara eta Bizkaira eramaten zituzten. Orduan, ostatu eman eta portuan sartzen laguntzen zieten, hesia gaindituta.

Miaketetako baten irudia. Argazkia: Guardia Zibila

Miaketetako baten irudia. Argazkia: Guardia Zibila

Horren ostean, oharrak dioenez, Portuko aparkalekuetan zeuden trailerretan, edukiontzietan, karabanetan eta ibilgailuen maletategietan ezkutatzen laguntzen zieten, Erresuma Batura abiatu behar ziren ferryetan ontziratzeko.

Miaketetan, agenteek hainbat gauza atzeman dituzte: telefonoak eta informatika gailuak, banku txartelak, nortasun agiriak eta hainbat nazionalitatetako pasaporteak.

Operazioak 'Hegira' du izana, eta Bizkaiko Komandantziako Informazio Taldeak, Guardia Zibileko Informazio Buruzagitza, Erantzun Azkarreko Taldeak (GAR) eta Europolek parte hartu dute.

Era berean, Bilboko 9 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak eta Atzerritartasun Fiskaltza Bereziak zuzendu dute, eta Portuan sartzen saiatu ziren albaniar kopuru altuagatik abiarazi zuten ikerketa.

Ikerketak zabalik jarraitzen du, beraz, baliteke atxiloketa gehiago egotea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Istiluak Bilbon gaur Portugalete albisteak Santurtzi albisteak Delituak bideoak Erresuma Batua Bilboko Portua Eguneko albisteak Kantabria gaur