Gizartea -
Seigarren urteurrena
Iñigo Cabacasi omenaldi 'masiboa' egitea eskatu dute senideek eta lagunek
Ekitaldian parte hartzea eskatu du Manuel Cabacas gaztearen aitak. Bere semeari gertatutakoa “edozeini gerta” zekiokeela adierazi du. Inor gehiagori ez gertatzea gustatuko litzaiokeela erantsi du.
Agentziak | Erredakzioa
2012ko apirilaren 9an, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jota hil zen Athleticeko jarraitzaile gaztearen aitak, Manuel Cabacasek, datorren apirilaren 7an egingo dioten omenaldian parte-hartze “masiboa” izatea eskatu du. Iñigo Cabacas hil zutela sei urte beteko dira laster.
Iñigoren lagunen plataformak eta emazteak lagunduta, prentsaurrekoa eman du gaztearen aitak. Ekitaldian parte hartzea eskatu du Manuel Cabacasek. Bere semeari gertatutakoa “edozeini gerta” zekiokeela adierazi du. Inor gehiagori ez gertatzea gustatuko litzaiokeela erantsi du.
Gabriel Cruz umearen gurasoei doluminak eman dizkie Cabacasen aitak. Almeriako bizilagunek beraiei azaldutako babesa hemen sentitu ez duela salatu du Manuel Cabacasek.
Apirilaren 7ako omenaldiaz gain, Iñigoren lagunen plataformak “gomazko balen eskaintza” antolatu du Justizia Jauregiaren aurrean, aurreko egunean. Epaiketa urriaren 15ean hasiko da.
Epaiketan sei ertzain akusatuen aulkian eseriko dira. "Parodia bat ematen du, auzi honetan zigorgabetasun politiko eta judiziala izan delako: operazioaren arduraduna ez dago akusaturik, ezta agintari politikoak ere", kritikatu du Marta Perez plataformako bozeramaileak.
Ertzaintzak Maria Diaz de Haro kalearen alboan dagoen kalezulo batean esku hartu zuen, Athleticen eta Schalke 04 Alemaniako taldearen arteko partida amaitu ondoren.