Gizartea -

Sexu abusuak

Onartu egin dute Kote Cabezudo auziko epailearen aurkako kereila bat

Instrukzio-epaileak ikerketa abiatu zuen 2013an argazkilari donostiarraren aurka, hainbat modelori sexu abusuak egitea egotzita.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du akusazio partikularrak eta beste pertsona batek Kote Cabezudo auziko instrukzio-epailearen kontra aurkeztutako kereila bat. Hainbat modelori sexu abusuak egitea egotzi dioten argazkilari donostiar bat da Cabezudo.

Iazko urtarrilaren 25ean, biktimei egindako argazkiak eta bideoak Internetetik kentzea agindu zion instrukzio-epaileak Cabezudori, eta hala egin ezean "desobedientzia larria" izango litzatekeela ohartarazi zion. Hala ere, horren ostean, akusazioak salatu zuen epaileak ez zuela egiaztatu edukiak kendu ote zituen, eta kereila aurkeztu zuen haren aurka. Kereila hori onartu egin dute orain.

EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia ez da irmoa, helegitea aurkez daitekeelako oraindik.

Orain onartutakoa Ana Isabel Perez Asenjo Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiko arduradunaren aurka jarritako bigarrena da. Lehengoan, auziko ikerketak "atzeratzea" leporatu zioten. Salaketa hura, baina, errefusatu egin zuten epaileek.

Donostiako epaitegiak 2013an abiatu zuen argazkilariaren aurkako ikerketa, besteak beste bortxaketak, sexu abusuak, iruzurrak eta mehatxuak egitea egotzita. Orain arte, bederatzi emakume pertsonatu dira auzian, eta horietako bi adingabeak ziren abusuak pairatu zituztenean.

EAEko Auzitegi Nagusiak nabarmendu du ikertzen ari direna ez dela "haur pornografia sare bat", eta gogorarazi du orain arte hainbat ikerketa eta izapide egin dituztela auzian.

Horren ildotik, zehaztu du akusatuak bederatzi aldiz deklaratu duela dagoeneko, eta 21 lekuko, 11 biktima eta bi aditu galdekatu dituztela.

Fiskaltzak Cabezudoren ustezko haur pornografia materiala Internetetik kentzea eskatu du.

Cabezudo, aske

Oraingoz, Cabezudo behin-behinean aske dago, baina epaitegira joan behar du hamabostero, eta epaileak pasaportea kendu dio. Era berean, 400.000 euroko abalak aurkeztu ditu.

Akusazioak bederatzi aldiz eskatu du argazkilaria kartzelatzea, baina instrukzio epaileak eta Gipuzkoako Auzitegiak eskaera guztiak errefusatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Indarkeria matxista EAE Matxismoa gaur EAEko Auzitegi Nagusia hoy