Gizartea -
Operazio berezia
Aste Santuan % 4 igoko dira joan-etorriak, Trafiko Zuzendaritzak aurreikusi duenez
28tik apirilaren 2ra bitartean egongo da indarrean trafiko operazio berezia, eta Jaurlaritzak hainbat neurri jarriko ditu martxan auto-ilarak gutxitzeko.
eitb.eus
Aste Santuko trafiko-operazioa martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean egongo da indarrean eta 488.000 joan-etorri espero dira, iaz baino % 4 gehiago, baldin eta baldintza meteorologikoak onak badira, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak iragarri duenez.
Prentsa-ohar batean, Sonia Diaz de Corcuerak Trafikoko zuzendariak Aste Santuko operazio bereziaren inguruan egindako aurkezpena jaso dute. Hala, Trafikoko zuzendariak martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean ibilgailu-dentsitaterik handiena izaten den puntuetan auto-ilarak gutxitzeko abian jarriko diren neurriak ere azaldu ditu.
“Aste Santuko jaiegunak direla eta, aurreikusi dugu % 4 egingo dutela gora Euskadiko errepideetan joan-etorri luzeek. Era berean, zirkulazio-intentsitaterik handieneko puntuak honakoak izango dira: A-8, Kantabriako mugan; AP-8, Biriatuko ordainlekuan; eta AP-1ek A-1ekin bat egiten duen puntua, Armiñongo lotunean. Ertzaintzako trafikoko 200 agentetik gora arituko dira errepide nagusietako trafikoa zaintzen”, zehaztu du.
Kantabriako mugan zirkulazio-intentsitate handia izaten da asteazkenean, Ostegun Santu bezperako arratsaldean –15:00etatik 21:00etara bitartean–, eta Ostegun Santu goizean –09:00etatik 15:00etara bitartean–. Bilborako noranzkoan itzulera Pazkoa Astelehenean izaten da, 13:00ak eta 21:00ak bitartean, baina azken urteotan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaiko lurraldean; Kantabrian, aldiz, sortu izan dira auto-ilarak.
AP-8an, Biriatuko ordainlekuan (Ipar Euskal Herrirako noranzkoan) egunik zailena Ostegun Santuan da, goizean, baina iaz, mugan jarritako kontrolen ondorioz, asteazken arratsaldean sortu ziren lehenengo auto-ilarak –asteazken arratsaldean, 17:00etan, 7 kilometrotara iritsi ziren–, eta ostegun goizean berriz sortu ziren eta Irungo ordainlekua gainditu zuten. Ostiral Santu goizean, halaber, bi kilometroko auto-ilarak sortu ziren. Bestalde, Pazkoa Astelehena jaieguna da Ipar Euskal Herrian, eta Donostiako noranzkoan ibilgailuen zirkulazioa geldoa izan ohi da ostiralean eta larunbatean.
Arreta berezia eskatzen duen hirugarren gunea Armiñongo lotunea da, eta bertan auto-ilarak sor bailitezke A-1etik AP-1era sartzeko puntuan, hiru erreietatik errei bakarrera pasatzean. Zirkulazio-dentsitaterik handiena izaten da asteazkenean, 15:00etatik 20:00etara, eta Ostegun Santuan, 8:00etatik 14:30era. Puntu horretan eta Europistas AP-1ekin koordinatuta, behin-behineko seinaleztapena erabiliko da Argantzunen eta Armiñonen N-1 errepidearen bidez, AP-1era sartzea ahalbidetzeko eta A-1ean auto-ilarak sortzea saihesteko.
Itzulera fasea Pazkoa Astelehenean izaten da, baina ez da auto-ilara esanguratsurik sortzen Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Miñoiekin eta Europistas (AP-1) enpresarekin koordinatuta, antolatutako seinalizazio-dispositibo bereziari esker.
Arreta galtzeak sortzen dituen istripuak
Arreta galtzea "Ertzaintzak 2017an erregistratutako istripu guztien % 32an errepikatu zen faktorea dela kontuan hartuta", Trafiko Zuzendaritzak "gidariei azpimarratu nahi die arretaz gida dezatela arreta-galtzeak eta trafiko-istripuak saihesteko".
Horretarako, bihartik aurrera, ostirala, Segurtasun Sailak hedatuko duen kontzientziazio-kanpaina berria aurkeztu du. Kanpainaren leloa 'Elige conducir / Gidatu, besterik ez' da, eta horren bidez gidariak kontzientziatu nahi dira arretaz gida dezaten eta gidatzean arretarik gal ez dezaten, batez ere telefono mugikorrekin eta GPS dispositiboekin.