Gizartea -
Ikerketa
Donostiar baten haur pornografia materiala Internetetik kentzea eskatu du fiskalak
Argazkilari donostiar bati hainbat modelo bortxatzea egotzi diote, eta epaitegia 2013tik ari da auzia ikertzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nobedadeak hainbat modelori sexu abusuak egitea egotzita ikertzen ari diren argazkilari donostiarraren kasuan. Fiskaltzak haur pornografia materiala Internetetik ezabatzea agintzea eskatu dio auzia ikertzen ari den epaitegiari, bideoetan agertzen den biktimetako bat adingabea zelako une horretan.
Estatuko Fiskaltza Nagusiak jakinarazi duenez, "ikerketa hasi zenetik material gehiena ezabatu da" jada. Dena dela, "lurralde nazionaletik kanpoko zerbitzarietan dauden zenbait bideo ezabatzeko zailtasun teknikoak" izan dira.
Hori horrela, joan den astean, Gipuzkoako Fiskaltzak bideo horiek ezabatzea eskatu zion Donostiako 4. zenbakiko instrukzio epaitegiari.
Ikerketa 2013an hasi zuten
Donostiako epaitegiak 2013an abiatu zuen argazkilariaren aurkako ikerketa, besteak beste bortxaketak, sexu abusuak, iruzurrak eta mehatxuak egitea egotzita.
Orain arte, bederatzi emakume pertsonatu dira auzian, eta horietako bi adingabeak ziren abusuak pairatu zituztenean.
Hain zuzen ere, 90eko hamarkadatik 2013. urtera arte jazo ziren abusuak.
Ikerketak aurrera egiten zuen bitartean, akusazioek hamar bat aldiz eskatu dute argazkilaria espetxeratzea, baina epaileak errefusatu egin ditu eskaerak. Akusatuak 400.000 euroko abalak aurkeztu ditu.
Epaileak 3.000 euroko bermeak ere eskatu zizkien biktimei.
Antza denez, epaileak aurki bukatuko du ikerketa, izapide bakarra geratzen baitzaio.