Gizartea -
Kenya
Azken iparreko errinozero zuri arra hil da
Erreserbako zaintzaileek material genetikoa ateratzea lortu dute azken orduan, hori dela eta, badago itxaropena, espezie horretako bi eme geratzen baitira bizirik.
agentziak | erredakzioa
Sudan, azken iparreko errinozero zuri arra hil zuten atzo, astelehena, pairatzen zuen gaixotasunak nabarmen okerrera egin eta gero, Ol Pejeta Kenyako erreserbak -han zaintzen zuten 2009tik- jakinarazi duenez.
"Gaixotasunak okerrera egin du nabarmen azken 24 orduotan; ez ze altxatzeko gauza eta oso gaizki pasatzen ari zen", esan du ohar baten bidez erreserbak. Bai zentroak baita Dvur Kralove Txekiako Zoologikoaren albaitari taldeak eta Kenyako Fauna Zaintzeko Zerbitzuak ere erabaki zuten eutanasia egitea.
Sudanek infekzioa izan zuen iaz atzeko hanketako batean, baina egoki suspertu zen urte amaieran. Alabaina, otsaila bukaeran berriz gaixotu zen eta, orduan, infekzioa "askoz ere sakonagoa" izan zen.
Argazkia: EFE
Ordutik hona, albaitariek osatzeko moduak eta espeziea mantentzeko aztertu dituzte, baina hankan zuen infekzio horrek, adinak -45 urte- ekartzen dituen zailtasunekin batera, eragin dute heriotza.
Erreserbaren esanetan, atzo "material genetikoa" ateratzea lortu zuten, hortaz, "teknika genetiko aurreratuen bidez errinozero zuriaren espezia etorkizunean berreskuratzeko itxaropena dago".
Orain bi eme geratzen dira bizirik, biak Sudanen alabak, eta biak Ol Pejetan, baina ernalketa artifiziala ez da sekula errinozeroekin egin.
Urte askotan ehizatu izan dituzte animalia horiek, horren adarrak urrea baino garestiagoak baitira Asiako merkatuan, ustez sendagai eta afrodisiako eraginkorrak direlako