Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bati labanaz eraso dio bikotekide ohiak Barakaldon

23 urteko gizonak biktimarengandik urruntzeko zuen agindua urratu zuen.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu zuen igandean, Barakaldon, bikotekide ohiari labanaz erasotzea egotzita. Atxilo hartutakoak biktimarengandik urruntzeko zuen agindu urratu zuen, eta hanka batean zauria egin zion emakumeari, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.

Iturri horren arabera, erasoa atzo 13:00ak aldera gertatu zen Foruen pasealekuko etxebizitza batean. Emakumeak amari deitu zion bikotekide ohia eraso egiten ari zitzaiola esanez, eta azken horrek Ertzaintzari deitu zion.

Ertzainak erasoaren tokira bertaratu ziren eta emakumeak arma zuriz egindako zauri bat zuela hankan ikusi zuten. Ustezko erasotzailea ere bertan zegoen eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen genero indarkeria delitua leporatuta.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zutenean ohartu ziren biktimarengandik urruntzeko agindua zuela. Beraz, lehengoaz gain urruntze agindua urratzea ere leporatu diote.

________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo bideoak Tratu txarren biktimak Mundu matxista