Gizartea -

Erasoa

Hondarribiko Udalak elkarretaratzea deitu du igandean, azken eraso matxista salatzeko

Erasoa joan den ostegunean, martxoaren 8an, jazo da. Gizonezkoa espetxera bidali dute, bikotekideari jotzea egotzita.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrian ostegunean gertatutako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Hondarribiko Udalak igande honetarako.

Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, agenteek gizon bat atxilotu zuen bikotekideari jotzeagatik joan den ostegunean, martxoaren 8an. Atxilotua epailearen esku utzi zuten hurrengo egunean, eta epaileak espetxera bidaltzea erabaki du.

Hondarribiko Udalak eraso matxista salatzeko bilkurarekin bat egiteko deia egin die "herritar guztiei". 11:45etatik 12:00etara batuko dira Puntalean.

Hondarribiko osoko bilkurak ahoz batez errefusatu du genero-indarkeriarekin lotutako eraso hori. "Pertsonen arteko elkarbizitza baketsua zapuztu du horrek, eta horrelako ekintzek giza eskubideak urratzen dituzte", adierazi du Udalak. Gainera, "elkartasuna" adierazi diote biktimari eta azpimarratu dute "herritarren eta erakundeen konpromiso sendoa indarkeria matxistaren aurrean".

Aldundiaren gaitzespena

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gogor gaitzetsi du emakumezko horrek pairatutako erasoa, eta adierazi duenez, "gure gizartean oraindik izaten diren jarrera horiek irmo gaitzestea beharrezkoa da".

Imanol Lasa Foru Aldundiko bozeramailearen esanetan, eraso hori "jasanezina" da, eta Aldundiak bat egingo du Udalak deitutako elkarretaratzearekin. Gainera, Aldundiak deia egin die herritarrei "horrelako ekintzak salatzen jarraitzeko, emakumezko hori lagundu zioten pertsonak egin zuten bezala".

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Hondarribia argazkiak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa