Gizartea -
Indarkeria matxista
Bikotekide ohiari eraso eta lapurtu egin dio gizon batek Urduñan
Erasotzaileari urruntze agindua ezarri diote. Araialdeko Mugimendu Feministak erasoa salatzeko mobilizazioak deitu ditu ostiralerako.
EiTB.EUS
Gizon batek bikotekide ohia jo egin zuen eta ondoren zorroa lapurtu zion larunbatean, Urduñan (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Erasoa 15:00ak aldera gertatu zen Urduñan. Gizonak indarkeria erabilita bere ibilgailuan igotzera behartu zuen emakumea lanetik ateratzean. Handik, Amurriora (Araba) eraman eta han utzi zuen zorroa lapurtu eta gero.
Emakumeak salaketa jarri zuen Ertzaintzan tratu txar fisiko eta psikologikoak, zein bortxaketa eta lapurreta leporatuta.
Erasotzailea ez zen biharamuneko epaiketara azaldu, eta urruntze agindua ezarri dio epaileak.
Araialdea Mugimendu Feministak erasoa salatu du eta erasoen aurrean makurturik geratuko ez direla esan du. "Emakumeok ahaldundu eta indarrak batuko ditugu, sistema hetereopatriarkal honek erreproduzitzen dituen indarkeri matxista hauek eten arte. Ez gaudelako bakarrik, asko gara, eta ez daukagu beldurrik!", esan dute agiri batean.
Hori horrela, elkarretaratzea deitu dute ostiralean, martxoaren 9an, Laudion, Lamuza plazan, 19:00etan. Ondoren, 20:00etan, manifestazioa abiatuko da Urduñako Foruen plazatik "Erasorik ez erantzunik gabe! Autodefentsa feminista" lelopean.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.