Gizartea -

Greba feminista

Munilla feminismoari buruz: 'Deabruak gola sartu du'

Donostiako gotzainak feminismoa kritikatu du, abortu librea, lesbianismoa eta bisexualitatea defendatzeagatik.

Jose Ignacio Munilla. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Ignacio Munilla. Artxiboko argazkia: EFE
Munillak dio deabruak gola sartu diola feminismoari

0:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak feminismoaren kontrako adierazpen polemikoak egin ditu, "deabruak gola sartu" diola esanda.

Radio Maria irratian martxoaren 8ko emakumeen greba izan du hizpide Munillak eta bi feminismo mota daudela esan du: batetik, "femeninoa", gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun legala eta juridikoa bilatzen duena; eta bestetik, "feminismo erradikala", gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna erabatekoa izatea helburu duena.

"Feminismo erradikalak emakumea bera eta kausa feminista bera ditu biktima moduan", salatu du.

"Bitxia da deabruak bere aldetik gola nola sartu duen ikustea. Feminismoak genero ideologia onartuta hara kiria egin dio bere buruari", erantsi du.

Horrez gain, Munillak feminismoa gogor kritikatu du, abortu librea eta doakoa, lesbianismoa eta bisexualitatea defendatzeagatik, baita antisorgailuen erabilera babesteagatik ere.

Ildo horretan, abortua "emakumeen genozidioarekin" parekatu du, Txina bezalako herrialdeetan emakumeak ez jaiotzeko erabiltzen dela adibidetzat jarrita.

Agintari eta alderdi politikoak ere kritikatu ditu eta jaiotze-tasa handitzeko politika eraginkorrak hartu ez izana leporatu die.

"Jaiotze-tasak gora egiteko, amatasuna duindu behar da", nabarmendu du.

Bestalde, Donostiako gotzainak onartu du indarkeria matxista existitzen dela eta "gizonak edo gizonezko batzuek emakumeen gainean erabiltzen duten gehiegizko indarraren eta boterearen" ondorio dela adierazi du.

"Matxismoa animalien mailan bizitzeak eragiten du; orduan sortzen dira harreman matxistak, indartsuenaren legean oinarrituta", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Matxismoa gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Eliza Katolikoa albisteak