Gizartea -
Hezkuntza
Negoziazioa eta ikasgeletako normaltasuna 'bateragarriak' direla uste du Urkulluk
Sodupeko Eretza Berri eskola publikoa bisitatu du lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera. DBHko eraikin berrian izan dira bi buruzagiak, Gueñesen (Bizkaia).
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntzako negoziazio mahaietan “irekita, jarrerak hurbiltzen eta aurrerapausoak” ematen ari direla goraipatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Zentzu horretan, hezkuntza zentroen normaltasuna eta “negoziazioetan aurrera egiten jarraitzea bateragarriak” direla uste du Urkulluk.
Sodupeko Eretza Berri eskola publikoa bisitatu du gaur lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikin berrian izan dira buruzagiak, Gueñesen (Bizkaia).
Lehendakariaren hitzetan, Hezkuntza “guztion ondasuna” da, eta “elkarlanean eraikitzen jarraitu behar dugu, lankidetzan eta guztien parte-hartzearekin”. Negoziazio mahaietan “irekita, jarrerak hurbiltzen eta aurrerapausoak” ematen ari direla azpimarratu du agintariak.
Negoziazio mahaia
“Lan baldintzak eta gizarteari eskaintzen diogun hezkuntza zerbitzua hobetzeko akordio positiboak lortu behar ditugu negoziazio mahaian”, nabarmendu du.
Urkulluren ahotan, “hezkuntzaren kalitatea etengabe hobetzeko negoziazioetan aurrera egitea eta normaltasunez lanean jarraitzea bateragarria” da. Elkarrizketaren, akordioaren eta lankidetzaren aldeko Eusko Jaurlaritzaren apustua berretsi du lehendakariak.
“Eusko Jaurlaritza eredu eta bide horretan beti izango da”, adierazi du agintariak.
Sodupeko Eretza Berri eskola publikoaren eraikin berriak 250 ikasle hartuko ditu. Orain Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 186 ikasle ditu, Gueñesen eta Gordexolan. Aurrerantzean, eraikin zaharrak Haur eta Lehen Hezkuntzako 306 ikasle hartuko ditu.