Gizartea -

Elkarretaratzea

Herriko meskitan egindako pintada arrazistak salatzeko bilkura egin dute Hernanin

Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendariaz gain, Luis Intxauspe herriko alkatea eta Aziz Mesaaoudi Fivasco elkarteko presidentea izan dira elkarretaratzean.

Elkarretaratzea egin dute Hernanin, herriko meskitan egindako pintadak salatzeko
Elkarretaratzea egin dute Hernanin, herriko meskitan egindako pintadak salatzeko
Elkarretaratzea egin dute Hernanin, herriko meskitan egindako pintadak salatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehun bat pertsona bildu dira gaur arratsaldean Hernanin, ostiral gauean herriko meskitaren atean egindako pintada arrazistak salatzeko. "Fuera moros" (Kanpora mairuak) idatzi zuten, alboan diana bat marraztuta.

Fivasco Euskadiko Federazio Islamiarrak, Amher Hernaniko Elkarte Multikulturalak, Arrisala kolektiboak eta Gazte Bizilagunak taldeak deitu dute mobilizazioa. Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendariaz gain, Luis Intxauspe herriko alkatea eta Aziz Messaoudi Fivascoko presidentea izan dira ekimena babesten.

Parte hartzaileak ordu laurden bat egon dira isilik, 'Hemen ez dugu arrazakeriarik onartuko' zioen pankarta handi baten atzean.

Bilkuraren amaieran Aziz Messaoudik salatu duenez, "pintadek ez dute Hernaniko herria ordezkatzen, beti izan delako herri abegitsua eta immigrazioaren zein integrazioaren alde lan egin duena".

Luis Intxauspe herriko alkateak, bere aldetik, "Hernani errespetuzko herria dela" nabarmendu du. "Pertsona guztiok dugu tokia, eta tolerantzia jarrerak besterik ez ditugu onartuko", gaineratu du.

Horrez gain, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendariak ohar batean esan duenez, "Hernaniko meskitaren kontrako eraso xenofoboa eta arrazista irmoki gaitzesten dugu, pintada horiek gipuzkoar guztien aurkako erasoak direlako".

"Aldundiak izaera xenofoboa edo diskriminatzailea duen edozein jarrera edo adierazpena salatuko du", berretsi du Vaquerok. Halako gertaerek "elkarbizitza eta aniztasunaren aldeko apostua egiten duen Gipuzkoa baten aldeko konpromisoa indartu baino ez dute egiten", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Gipuzkoako albisteak Hernani albisteak Arrazismoa albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Erlijioa albisteak gaur