Gizartea -

GERNIKA

Kristalezko sabaia haustea aldarrikatu dute euskal emakume hautetsiek

EAEko 200 hautetsi baino gehiago bildu dira Gernikako Batzar Etxean, kolore guztietakoak; ezberdintasun ideologikoen gainetik, legezko eta benetako berdintasuna bilatzeko nahia agertu dute.

Fernandez, Arana, Mendia, Agirre eta Atutxa, gaur, Gernikan. EiTB.
Fernandez, Arana, Mendia, Agirre eta Atutxa, Gernikan. EiTB.
Emakume Hautetsien Bigarren Bazarra egin dute Gernikan

2:04

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume Hautetsien bigarren Batzarra egin dute gaur Gernikan. 200 hautetsi baino gehiago bildu dira, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian. Kolore ideologiko ezberdinetakoak izan arren,  aldarrikapen berberak izan dituzte ahotan: kristalezko sabaia hausteko deia egin dute, genero indarkeria amaitzeko, kontziliazioa lortzeko eta soldata arrakalak desagerrarazteko.

Aurtengo saritua Edurne Pasaban mendizalea izan da, hamalau 8.000koak igo dituen lehen emakumea.

Itxaso Atutxa EAJko presidenteak, Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, Amaya Fernandez Euskadiko PPko buruak eta Eukene Arana, Podemos Euskadiko berdintasun politiken arduradunak hartu dute hitza ekitaldian.

Itxaso Atutxak adierazi du emakumeek "eskubideak irabazten dituztenean" hala egiten dutela herrialdeek eta jendarteak ere, eta agenda politiko eta publikoetan "betirako" berdintasun neurri positiboak ezarri behar direla. Botere organoetan emakumeek eta gizonezkoek presentzia berdina izan dezaten gertatu behar diren balio aldaketek "denbora" behar dutela adierazi du, eta horregatik, berdintasunaren aldeko erreibindikazioek planteamentu "positiboak, proposamenezkoak eta elkartasunezkoak" egin behar dituztela gaineratu du.

Kristalezko sabai hori hausteko "oraindik egiteko asko" dagoela esan du Jasone Agirrek ere, eta desberdinatasunei aurre egiteko neurriak hartzea nahitaezkoa dela berretsi du, "guztiona izan behar baitu borroka honek". Hala, Berdintasun Legea betetzearen garrantziaz hitz egin du Agirrek, eta bete ahal izateko baliabide teknikoak eta ekonomikoak behar direla nabarmendu du.

"Lortutako eskubide eta askatasunak egunero borrokatu behar direla gaineratu du Idoia Mendiak. "Ezin dugu ezer betirako lortutzat eman. Ezin ditugu alde batera utzi familia aurrera bakar-bakarrik ateratzen duten emakumeak, eguneroko pobrezia gainditzeko borroka egiten dutenak, soldata arrakala jasaten dutenak, eta biolentziaren biktima direnak". Horregatik, martxoaren 8a "emakumeok munduan zer ordezkatzen dugun bisibilizatzeko" eguna dela zehaztu du: "gu gabe herri hau ez doa aurrera. Parlamentuan egoteko zortea dugunok, beste guztiak ikustarazteko ardura hartu behar dugu".

Amaya Fernandezek "atzera egin gabe", "erronka berriei" heltzeko garaia dela esan du berdintasuna lortzeko. "Bidea eraikitzen jarraitu behar dugu, hurrengoek guk utzitako puntutik jarrai dezaten" adierazi du. "Gernikara esparru ideologiko ezberdinetatik iritsi gara", "baina ontzi berean gaude, eta berdintasuna denok norabide berean arraun egiten badugu bakarrik lortuko dugu" erantsi du.

Azkenik, Eukene Aranak emakumeek "familia bat osatu edo lanean aurrera egin, dikotomia hori" bizi dutela oraindik salatu du. Emakumeei okerrago ordaintzen zaiela, eta lan baldintza okerragoak dituztela, eta "besteen zaintzan inbertitzen ditugun orduei esker Administrazio publikoari milioika euro ahurrezten dizkiogula". Gogoan izan nahi izan ditu, bereziki, emakume errefuxiatuak, etorkinak, ezgaitasun funtzionala dutenak, lesbianak, transexualak eta beste kolektibo batzuk, "horien kristalezko sabaia, egunerokotasuna baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Alderdi Popularra Gernika-Lumo argazkiak Idoia Mendia Alderdi politikoak albisteak Gizartea albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE berriak Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Matxismoa Alderdi Popularra Euskadi