Gizartea -

Denboralea Araban

Elurteak inkomunikatuta utzi zuen Gasteiz

Autobus eta tranbia zerbitzuetan atzerapen handiak izan ziren, errepideak kolapsatuta egon ziren eta La Unionek bertan behera utzi zituen zerbitzu guztiak.

Una máquina quitanieves en la plaza de la Virgen Blanca. Foto: EFE
Una máquina quitanieves en la plaza de la Virgen Blanca. Foto: EFE
Elurteak inkomunikatuta utzi du Gasteiz

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elur denboraleak hainbat arazo sortu zituen Araban, eta hiriburua, Gasteiz, inkomunikatuta utzi zuen.

Lurraldea zurituta esnatu zen, eta elurra kentzeko makinak lanean aritu ziren bideak garbitzen. Gainera, kamioiek zenbait orduz debekatuta izan zuten zirkulatzea, eta hainbat errepide blokeatuta egon ziren.

Gasteizen, Tuvisako autobusak eta tranbia martxan egon ziren, baina atzerapen handiak izan ziren linea guztietan.

Errepideen egoera

Hiriburuko irteera eta sarreretan, itogune handiak egon ziren, batik bat Euskal Herria bulebarrean, Madril kalean eta Latinoamerika plazan.

Industriaguneetarako sarbideetan ere izan ziren arazoak, baina elurra kentzeko makinen lehentasuna horietarako sarbideak garbitzea izan zen.

Lurraldean, errepide sare nagusian arazo asko sortu ziren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi zutenez. Horregatik, ezinbestekoa izan ezean, ibilgailua ez hartzeko gomendatu zuten.

Goizean, kamioiek debekatuta izan zuten zirkulatzea errepide guztietan, baina eguerdian bertan behera utzi zuten debekua. AP-1ean eta N-1ean, gainerako ibilgailuek kateak behar izan zituzten.

Gainera, A-1ean, 30 kilometroko tarte bat itxita egon zen, Egino eta Argomaiz artean, haizeak gogor jo zuelako. Ondorioz, hainbat ibilgailu harrapatuta geratu ziren bertan.

Bigarren mailako errepide sarean, hainbat mendate itxita egon ziren; Altube, Bernedo, Opakua eta Urduña, tartean. Gainerakoetan, kateak behar izan ziren.

Dena den, errepideetan ez zen istripu larririk gertatu.

Aireportua, autobusak, ikastetxeak eta zerbitzuak

Gasteizko garraio zerbitzuetan, atzerapenak egon ziren, eta Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan bertan behera utzi zuten ohiko jarduera.

La Union konpainiak zerbitzu guztiak eten zituen, baina 12:30ean berriro jarri zituen martxan Gasteiz-Bilbo eta Bilbo-Gasteiz lineak.

Forondako Aireportuan, merkantziak eramateko hegazkinak arazo barik ibili ziren gauez, eta bakarra desbideratu behar izan zuten, Lisboara zihoan bat.

Atzorako ez da bidaiari-hegaldirik aurreikusita egon bertan.

Ikastetxeen egoerari buruz, lau zentro itxi zituzten, Hezkuntza Sailaren arabera. Oraingoan, baina, ikastetxe bakoitzak izan du ixtea edo irekitzea erabakitzeko ahalmena.

 

 

 

Informazio erabilgarria:

- Trafikoa

- Eguraldia

- Aholkuak elurrari aurre egiteko

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Araba Denboraleak albisteak Elurra albisteak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Forondako aireportua