Gizartea -
denboralea gipuzkoan
Elurrak arazoak eragin ditu Gipuzkoako errepideetan eta zerbitzu publiko nagusietan
Lurraldebuseko zerbitzu gehienak bertan behera geratu ziren eta A-15 errepidea Andoainen eta N-1 errepidea Etzegaraten itxita egon ziren.
eitb.eus
Euskal Herria atzo astindu zuen elur denboraleak hamaika arazo sortu zituen errepide sare osoan, baita Gipuzkoan ere.
A-15a erabat itxita egon zen 12:15era arte, bi noranzkoetan, Andoainen, istripu larri batengatik. N-1 errepidea ere itxita egon zen goizean Etzegaraten.
Mendateei dagokienez, denak ireki zituzten arratsaldean, baina horietako askotan arretaz gidatzeko eskatu zuen Segurtasun Sailak.
Lurraldebus Gipuzkoako autobus zerbitzu publikoak jakinarazi zuenez, lurralde historikoko ia zerbitzu guztiak bertan behera egon ziren goiean, edo atzerapen handiak izan zituzten.
Halere, 12:00etarako E22 Hondarribia-Txingudi, E25 Hondarribia-Irun, E05 Beraun-Donostia eta E08 Pasai San Pedro-Donostia lineak hasi ziren martxan jartzen. Era berean, DO01 Donostia-Bilbo, DO02 Donostia-Gasteiz eta DO50B Donostia-Loiu lineatan normaltasuna berreskuratu zen, baita A1 Hernani-Donostia eta A2 Hernani-Donostia lineatan ere.
A-8ari dagokionez, Biriatun hamar kilometroko auto-ilarak izan ziren goizean, Iparralderako noranzkoan.
Horrez gain, Hondarribiko aireportuan hiru hegaldi bertan behera geratu ziren: Madrilera joateko bi eta Madriletik etortzeko bat.
Bestalde, Donostiako Udalak krisi mahaia aktibatu zuen goizaldean Garberako kontrol-zentroan, eta bertatik koordinatu dituzte zerbitzu guztiak. Bertan parte hartu dute: Babes Zibilak, Suhiltzaileek, Udaltzaingoak, Dbusek, Mugikortasunak, mantentze-lanetako zerbitzuek eta osasun zerbitzuek.