Gizartea -
Trafikoaren egoera
Elurte handi batek Euskadi kolapsatu, eta biktima bat utzi du
Eguraldi iragarpenak bete ziren eta elurra kostalderaino iritsi zen, errepide sare nagusian kaosa eraginez. Halaber, 65 urteko gizonezko bat hil zen Galdakaon, kalean lurrera erori eta kolpea hartuta.
EITB.EUS
Errepideak itxita, hegaldiak bertan behera, garraio publikoan atzerapenak, ikastetxeak itxita eta unibertsitateko eskolak bertan behera utzi behar izan zituzten atzo, asteazkena, elurragatik Euskadin. Elurteak arazo ugari sortu zituen EAEn. Gainera, gizon bat hil zen Bizkaian.
Euskal Autonomia Erkidegoa zuriz jantzita argitu zuen eguna, baita hondartzak ere. Horrela, eguneko lehen orduetan zailtasun handiak sortu zituen elurrak.
Errepideetan arazoak izan ziren. Gainera, autobus, tren eta tranbia zerbitzuetan atzerapenak izan ziren. Hala ere, egoerak hobera egin zuen orduak aurrera joan ahala.
Denboraleak hildako bat utzi zuen EAEn. 65 urteko gizon bat hil da Galdakaon (Bizkaia). Antza denez, elurrean irristatu eta atzeraka erori zen. Erortzean garondoarekin espaloia jo zuen biktimak.
Nahiz eta Arabako eta Gipuzkoako barnealdean elurra sarriago bota, Bizkaiak 1985az geroztik elurterik handiena ikusi zuen atzo. Donostian halako elur-geruzarik ez zen 1996tik pilatzen.
Segurtasun Sailak kamioien zirkulazioa debekatu zuen EAEko errepideetan. Eguerdian altxatu zuen debekua Eusko Jaurlaritzak.
Erkidegoko errepide nagusietan, N-1 Etzegaraten eta A-15 Andoainen (Gipuzkoa) ixtera behartu zuen elurteak eguneko lehen orduetan, baina goizean zehar berriz zabaldu zituzten.
Arazoak AP-68, A-1 eta AP-8an
AP-68 autobidean arazoak izan ziren, eta Araban 30 kilometroko tartea itxi behar izan zuten A-1 autobian, Egino eta Argomaiz artean, elur-bisutsa eta izotzagatik. 200 bat ibilgailu harrapaturik geratu ziren. 14:00ak aldera autobia berriro zabaldu zuten.
Biriatuko mugan auto-ilarak sortu ziren, AP-8 autobidean, Irunen. 10 kilometroko luzera izan zuten ilarek, Lapurdiko noranzkoan.
Atzerapenak
Goizean hiriarteko autobus zerbitzu ugari bertan behera geratu ziren. Gainera, trena, Bilboko metro, hiriburuetako autobus sare eta Gasteizko eta Bilboko tranbian atzerapenak izan ziren.
Era berean, distantzia luzeko trenek atzerapenak izan zituzten, Bizkaiko hiriburua Bartzelona, Madril eta Vigorekin lotzeko orduan.
Era berean, elurteak aireportuei eragin zien. Loiun zerbitzua 11:00ak arte eten zuten eta 30 hegaldi bertan behera geratu ziren.
Hondarribia eta Madril lotu behar zituzten hiru hegaldi ere bertan behera utzi zituzten. Bestalde, Forondara heldu behar zen merkantzia hegaldi bat Lisboara desbideratu behar izan zuten.
Elurrak ikasleei eta irakasleei eragozpenak sortu zizkien. Euskal Herriko Unibertsitateko campusean eta Deustuko Unibertsitatean eskolak eten zituzten 15:00ak arte.
Gainerako hezkuntza sarean, 139 ikastetxek eskolak bertan behera utzi zituzten, gehienak Bizkaian.
Elurragatik alertan laranja bertan behera utzi zuten agintariek eguerdian, baina hego-haizea indartsuagatik abisu horia indarrean dago. 100 kilometro orduko ufadak espero dira. Hego-haizeak tenperaturen gorakada ekarriko du ostegun honetan. 17 graduko maximoak espero dira.
Nafarroan dozena bat ikastetxe baino gehiago itxi dituzte
Nafarroan, denboraleak zenbait ikastetxe itxi eta arazoak sortu zituen errepideetan, sare nagusian zein bigarren mailako errepideetan. Hala ere, elur-kotak gora egin zuen eguerdian.
Denborale “labur, baina bortitza” izan behar zela zioten, goizaldeko 06:00etatik eguerdiko 12:00ak arte, eta iragarpena bete zen, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako presidenteordeak prentsaurrekoan onartu zuenez.
Buñueleko aparkaleku baten sabaia behera etorri da
Ibilgailu ugari errepideetatik atera ziren, baina ez da inor zauritu ezbeharretan. Bestalde, Buñuelen, aparkaleku baten sabaia behera etorri zen eta 20 ibilgailu azpian harrapatu zituen. Gertakarian ez zen inor zauritu.
Errepide sare nagusia garbitzeko eta zirkulazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak kamioien zirkulazioa debekatu zuen 17:00ak arte.
Hala eta guztiz ere, goizean auto-ilarak izan ziren eta zenbait errepide itxi behar izan zituzten. Orduak aurrera joan ahala egoerak hobera egin zuen.
Era berean, hezkuntzan eragozpenak sortu zituen elurteak, baina ez ziren ikastetxe guztiak itxi, nahiz eta sare sozialetan, EAEn gertatu bezala, informazio hori zabaldu. Foru Gobernuak onartu zuenez, dozena bat zentro baino gehiago itxi behar izan zituzten.
Bideoa: Lapurdiko hondartzetaraino heldu da elurra