Gizartea -
Athletic Club - Spartak
Komisarian jarraitzen dute Bilboko liskarretan atxilotutako bederatzi zaleak
Bost euskal herritar daude atxilotuen artean, poloniar bat eta hiru errusiar. Desordena publikoa eragitea egotzi diete, atzerritarren kasuan, baita agintaritzaren aurkako atentatua ere.
agentziak
San Mames futbol zelaiaren inguruetan ostegunean atxilotu zituzten bederatzi pertsonek polizia-etxean jarraitzen dute, Segurtasun Sailak Europa Pressi adierazi dionez. Bilboko istiluetan ertzain bat hil zen, bihotzekoak jota.
Horietako hiru errusiarrak dira, bat poloniarra eta bost euskal herritarrak. Bederatziek komisarian jarraitzen dute desordena publikoa eta liskarrak eragitea egotzita. Atzerritarrei agintaritzaren aurkako atentatua ere leporatu diete.
Euskal Herriko atxilotuek 20-25 urte dituzte, errusiarrek 27-37 eta poloniarrak 30.
Liskarretan Inocencio Alonso Garcia ertzaina, Ermuko bizilaguna eta 51 urtekoa, hil zen bihotzekoak jota.
"Euskal Osasun Sistemak emandako behin-behineko txostenaren arabera, agentea bihotza geldirik zuela heldu zen Basurtuko Ospitalera, eta egoera hori ez zuen inolako traumatismorik eragin, eta hil egin zen, ordubete baino gehiagoan suspertzen saiatu ostean", Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Gertakariak 19:30 inguruan jazoziren. Spartekeko zaleak Ertzaintzak inguratuta iritsi ziren San Mamesera, baina han Athleticeko zale erradikalak zain zituzten eta liskarrak hasi ziren.
Aurretik, makilak, zabal daitezkeen barrak eta burdinazko ukabilak kendu zizkien Ertzaintzak Athleticeko ultrei.