Gizartea -

Istiluak Bilbon

Ertzain bat hil da San Mames ondoan izandako istiluetan

Ertzainari bihotzekoak eman dio San Mames inguruan izan diren istiluetan, Basurtuko Ospitalera eraman dute eta bertan hil da.

Ertzaina lurrean San Mames alboan. Irudia: EiTB
Ertzaina lurrean San Mames alboan. Irudia: EiTB
Ertzaintzak Spartakeko jarraitzaileen kontra egin du San Mames inguruan

2:41

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzain bat hil da bart bihotzekoak jota, San Mames ondoan gertatu ziren istiluetan, Bilbon. Ertzaina Basurtuko Ospitalera eraman zuten eta bertan hil da, Ertzaintzako iturriek jakitera eman dutenez.

Liskarrak Athleticen eta Spartaken arteko Europa Ligako partidaren atarian gertatu ziren.

Biktima Inocencio Alonso Garcia da. Ermuko bizilaguna zen eta 51 urte zituen.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak Radio Euskadin azaldu zuenez, lehendabiziko datuen arabera, bihotz-biriken geldialdia izan zuen, eta horren ondorioz hil da; istiluetan ez zuen inolako kolperik hartu.

"Euskal Osasun Sistemak emandako behin-behineko txostenaren arabera, agentea bihotza geldirik zuela heldu zen Basurtuko Ospitalera, eta egoera hori ez zuen inolako traumatismorik eragin, eta hil egin zen, ordubete baino gehiagoan suspertzen saiatu ostean", Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

San Mames kanpoaldean zegoen EFEko kazetari baten testigantzaren arabera, ertzaina bat-batean zerraldo erori zen, inork eta ezerk jo gabe.

Alboan zituen ertzainak lurrean zegoen lankidea suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Anbulantzia batean eraman zuten Basurtuko ospitalera, eta bertan hil zen. Hildako pertsonaz gain, beste sei pertsona artatu zituzten Basurtuko ospitalean eta horietako batek ospitaleratuta jarraitzen du.

 

 

 

Gertakariak 19:30 inguruan jazo ziren. Spartakeko zaleak Ertzaintzak inguratuta iritsi ziren San Mamesera, baina han Athleticeko zale erradikalak zain zituzten eta liskarrak hasi ziren.

Aurretik, makilak, zabal daitezkeen barrak eta burdinazko ukabilak kendu zizkien Ertzaintzak Athleticeko ultrei.

Erreakzioak

Bilboko gertakariek erreakzio soka luzea eragin dute eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Ertzaintzako sindikatuek, lehendakariak, Bilboko alkateak eta Euskadiko zein Estatu espainiarreko alderdi nagusietako ordezkariek hitz egin dute.

Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak euren "atsekabea" eta "sumindura" adierazi dute Inocencio Alonso Garcia ertzainaren heriotzagatik.

Era berean, Estefania Beltran de Herediak "lasaitasuna" eskatu du "euskal familia poliziarentzat horren zaila den egoerari aurre egiteko".

Halaber, Ertzaintzako sindikatuek ere elkartasuna adierazi diote hildako lankideari.

Bederatzi atxilotu

Istiluetan bederatzi pertsona atxilotu zituzten, horietako hiru errusiarrak dira, bat poloniarra eta bost euskal herritarrak.

Atxilotuek komisarian jarraitzen dute desordena publikoa eta liskarrak eragitea egotzita. Atzerritarrei agintaritzaren aurkako atentatua ere leporatu diete.

Euskal Herriko atxilotuek 20-25 urte dituzte, errusiarrek 27-37 eta poloniarrak 30. Gainera, hiru lagun zauritu dira.

San Mames inguruan tentsio-uneak izan dira, bengalak eta botilak jaurti dituzte, kontainerrak irauli dituzte errepidean eta Ertzaintzak zale erradikalen kontra egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Bilboko azken albisteak Ertzaintza Gizartea albisteak Albisteak UEFA Europa Liga 2024