Gizartea -
Urtebeteko espetxe-zigorra
Bilboko udaltzain bat zigortu dute borra-kolpe bat emateagatik
Beste pertsona bat bultzatzen ari zen hiritar bati borra-kolpea eman zion. Bekokian zauritu zuen udaltzainak. “Gehiegizkoa” izan zela erabaki du epaiak orain.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Lurralde-auzitegiak Bilboko udaltzain bati urtebeteko espetxe-zigorra ezarri dio, lesio delitu batengatik. Beste pertsona bat bultzatzen ari zen hiritar bati borra-kolpea eman zion. Bekokian zauritu zuen udaltzainak. Erabilitako indarra “neurriz kanpokoa” izan zela eta biktima “ustekabean” harrapatu zuela erabaki du epaiak orain.
Sententziaren arabera, gertakariak 2015eko maiatzaren 24an jazo ziren, 06:40 aldera. Trago batzuk hartzen ari ziren bi gazte beste birekin gurutzatu ziren Albia lorategian.
Azken biek euskaraz hitz egin zieten, eta batek, Paulinok, horrela “bere amari” hitz egiteko esan zion. Laurak eztabaidatzen hasi ziren errepidearen erdian. Elkarri bultzatzen ari ziren, Udaltzaingoaren ibilgailua bertaratu zenean.
Justino akusatua eta lankide bat ibilgailu horretan zihoazen. Udaltzaina autotik atera eta espaloira igotzeko eskatu zien gazteei. Bi gazteren arteko bultzadek bertan jarraitu zuten, Paulino eta beste bat. Beste biak urrutirago zeuden.
Halako batean, udaltzain auzipetuak borra atera eta Paulino bekokian kolpatu zuen. Beste kolpe batzuk bigarren gazteak jaso zituen. Biak lurrera erori ziren, udaltzainaren jokabidea aurpegiratuz.
Paulinoren kopetako zauriak jostura eta sendatzeko bederatzi egun behar izan zituen. Bigarren gazteak, ordea, ez zuen salaketarik aurkeztu.
Gertakarien bideoa
Bertsio ezberdinak entzun eta gertakarien bideoa ikusi ondoren, udaltzain akusatuak “indarra erabiltzea beharrezkoa ez zen egoera batean, neurrigabe eta ezustean erabili zuen, saihestu zitezkeen lesioak sortuz”, erabaki du epaiak.
Horregatik, urtebeteko kartzela-zigorra ezarri diote. Era berean, 4.270 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Paulino biktimari. Bestalde, Bilboko Udalak erantzukizun subsidiarioa duela ebatzi du sententziak, auzipetua lanean ari zen udaltzain bat delako.