Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia aktibatu dute barnealdean elurra dela eta
Elur-kota 900-1.000 metrora egongo da goizaldean, baina behera egingo du eta 500-600 metrora geratuko da arratsaldean. Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio fasean aktibatu dute.
AGENTZIAK
Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du elurragatik barnealdean 06:00etatik 15:00etara. Elur-kota 900-1.000 metrora egongo da goizaldean, baina behera egingo du eta 500-600 metrora geratuko da arratsaldean.
Egunaren lehen partean, prezipitazio txikia egingo du, noizean behin ertaina isurialde atlantikoan eta goizaldean; arratsaldean, berriz, atertzera egingo du. Lodiera hauek aurreikusi dituzte: 2-10 zentimetro, 1.000 metrora; 0 zentimetro, 600 metrora; eta 0 zentimetro, 200 metrora.
Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du jarraipen eta informazio fasean, elurra 1.000 metrotik behera botatzeko arriskua dagoelako.
Eguraldi-iragarpenari dagokionez, zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da asteazkenean; arratsaldean, ostarteak zabalduko dira, bereziki ekialdean. Egunaren lehenengo partean, prezipitazio txikia egingo du, noizean behin ertaina isurialde atlantikoan eta goizaldean; arratsaldean, atertzera egingo du. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da. Egunaren amaieran, izotz txikia egingo du Arabako zenbait tokitan.
Ostegunean, zerua hodeitsu egongo da, mendebaldean tarteka oso hodeitsu gainera. Baliteke prezipitazio txikia egitea noizean behin. Elur-kota 300-400 metrora egongo da. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da, tarteka bizi, eta bolada gogorrekin Araban. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan ez da aldaketarik espero. Barnealdean, izotz txikia egingo du, Arabako zenbait tokitan handia.
Ostiralean, zerua hodeitsu egongo da berriro mendebaldean, eta zerua hodei gutxirekin egongo da ekialdean. Ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da, tarteka bizi barnealdean. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan ez da aldaketarik espero. Izotz txiki-ertaina egingo du barnealdean. Baliteke kostaldean izotz txikia egitea, bereziki Gipuzkoan.